Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalei Buruzko Nazioarteko Paktua

A.G. 2200A (XXI) EBAZPENA, 21 U.N. GAOR ERANSKINA (NO. 16) P. 49, NBE DOK. A/6316 (1966), 993 U.N.T.S. 3,1976KO URTARRILAREN 3AN SARTU ZENA INDARREAN.

HITZAURREA

Paktu honetako Alderdi garen Estatuok, Ikusirik, Nazio Batuen Gutunean jasotako printzipioei jarraiki, askatasun, justizia eta bakearen oinarrian gizaki ororen duintasuna eta beren eskubide besterenezinen aintzatespena dagoela,Aintzat hartuz eskubide horiek gizaki orok duen duintasunean dutela jatorria,Kontuan izanik, Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalari jarraiki, ezinezkoa dela gizakiak askatasunean eta ikara zein miseriarik gabe bizitzea, ez baldin bazaizkie beren eskubide ekonomiko, sozial, kultural, zibil eta politikoez gozatu ahal izateko baldintza egokiak bermatzen,Kontuan izanik Nazio Batuen Gutunak giza eskubide eta askatasunen gaineko errespetu unibertsal eta eraginkorra sustatzeko betebeharra ezartzen diela Estatuei,Ikusirik gizaki orok, gainerako gizakiekiko eta bere gizartearekiko betebehar batzuk dauzkanez, Paktu honetan jasotzen diren eskubideak zaintzeko betebeharra daukala,Honako artikulu hauek finkatu ditugu:

I. ZATIA

1. artikulua 1. Herri guztiek daukate determinazio librerako eskubidea. Eskubide honen harian, askatasunez finkatuko dute beren egoera politikoa, eta baita beren garapen ekonomiko, sozial eta kulturala ere. 2. Herri orok, bere helburuak betetzeko, askatasunez xedatu ahal izango ditu bere aberastasun eta baliabide naturalak, elkarrekiko onuraren printzipioan oinarritzen den nazioarteko kooperazio ekonomikotik eta nazioarteko Zuzenbidetik eratorritako betebeharrei kalterik egin gabe. Herri bati ezin izango zaio, inolaz ere, bizirauteko dauzkan bitartekoak kendu. 3. Paktu honetako Alderdi diren Estatuek, autonomo ez diren lurraldeak zein fideikomisoan dauden lurraldeak administratzeko erantzukizuna daukatenek barne, determinazio librerako eskubidearen egikaritza bultzatuko dute, eta Nazio Batuen Gutuneko xedapenekin bat etorriz errespetatuko.

II. ZATIA

2. artikulua 1. Paktu honetako Alderdi den Estatu bakoitzak, bere aldetik zein nazioarteko laguntza eta kooperazioaren bitartez, ekonomiko eta teknikoa bereziki, egoki diren neurri guztien bitartez, legegintzakoak barne, pixkanaka hemen aintzatesten diren eskubideen eraginkortasun osoa lortzeko neurriak hartzeko konpromisoa hartzen du.2. Paktu honetako Alderdi diren Estatuek, bertan aintzatesten diren eskubideen egikaritza bermatzeko konpromisoa hartzen dute, arraza, kolore, sexu, hizkuntza, erlijio, iritzi politiko edo bestelakoa, jatorri nazional edo sozial, egoera ekonomikoa, jaiotza edo bestelako edozein baldintza sozialagatik diskriminatu gabe.3. Garapen bidean dauden herrialdeek, giza eskubideak eta beren ekonomia nazionala kontuan hartuz, erabaki ahal izango dute zein neurritan bermatuko dizkieten Paktu honetan aintzatesten diren eskubide ekonomikoak bertako nazionalak ez diren pertsonei.

3. artikulua Paktu honetako Alderdi diren Estatuek, gizon eta emakumeek Paktu honetan jasotzen diren eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalez gozatzeko titulu berbera izango dutela ziurtatzeko konpromisoa hartzen dute.

4. artikulua Paktu honetako Alderdi diren Estatuek onartzen dute, Paktu honetan bermatzen diren eskubideen egikaritzari dagokionez, Estatu bakoitzak lege batek aurreikusitako kasuetan bakarrik mugatu ahal izango duela beren egikaritza, betiere eskubide horien naturarekin bateragarri den heinean, eta hori egitearen xedea gizarte demokratiko batean ongizate orokorra sustatzea izanik.

5. artikulua 1. Paktu honetako xedapenak ezin izango dira interpretatu Estatu, talde edo norbanako bati Paktuan aintzatesten den eskubide edo askatasunen bat suntsitzera edota aurreikusten den neurrian baino gehiago mugatzera bideratutako ekimen edo ekintzak burutzeko eskubidea ematen dion moduan.2. Inolako Estatutan ezin izango da lege, konbentzio, erregelamendu edo ohitura dela medio indarrean dagoen inolako oinarrizko giza eskubide murriztu edo kaltetu, Paktu honetan aintzatesten ez dela edota neurri txikiagoan aintzatesten dela argudiatuz.

III. ZATIA

6. artikulua 1. Paktu honetako Alderdi diren Estatuek lan egiteko eskubidea aintzatesten dute, hots, pertsona orok askatasunez aukeratu edo onarturiko lan batean jarduteko aukera izateko eskubidea, eta egoki diren neurriak hartuko dituzte eskubide hau bermatzeko.2. Paktu honetako Alderdi den Estatu bakoitzak eskubide honen eraginkortasun osoa lortzearren hartu beharko dituen neurrien artean, honako alderdi hauek egon beharko dute: etengabeko garapen ekonomiko, sozial eta kulturala, eta okupazio osoa eta produktiboa izatera bideraturiko orientazio eta trebakuntza tekniko-profesionala, eta programen, arauen eta tekniken prestaketa, betiere gizaki ororen oinarrizko askatasun politiko eta ekonomikoak bermatuz.

7. artikulua Paktu honetako Alderdi diren Estatuek, pertsona orok lana baldintza ekitatibo eta egokietan burutzeko duen eskubidea aintzatesten dute, bereziki honako alderdi hauek ziurtatuz:a) Langile guztiei, gutxienez, honako hauek ziurtatuko dizkien lansaria:i) Lanaren balio bera duen soldata ekitatibo bat, inolako bereizketarik egin gabe; bereziki, emakumeei ziurtatu behar zaie ez dituztela gizonezkoek dauzkaten lan baldintzak baino okerragoak izango, eta soldata berbera jasoko dutela lan berberagatik;ii) Berentzat eta beren sendientzat existentzia baldintza duinak, Paktu honetako xedapenei jarraiki;b) Laneko segurtasun eta higienea;c) Lanean, dagokien hurrengo kategoriara sustatzeko aukeren berdintasuna, lanean emandako denborari eta gaitasunari baino ezin izango zaiela erreparatu;d) Atsedenaldia, aisialdia, lanorduak zentzuz mugatzea, ordainduriko aldizkako bariazioak, eta jaiegunen ordainketa.

8. artikulua 1. Paktu honetan alderdi diren Estatuek honako hauek bermatzeko konpromisoa hartzen dute berengain:a) Pertsona orok sindikatuak eratzeko eta, bere interes ekonomiko zein sozialak sustatu eta babesteko, bere aukerakora afiliatzeko daukan eskubidea, dagokion erakundeko estatutuei jarraituz. Eskubide honen egikaritzari ezarri ahal izango zaizkion murrizketa bakarrak legeak aurreikusten dituenak dira, eta, betiere, gizarte demokratiko batean segurtasun nazionalaren edo ordena publikoaren intereserako, edota hirugarrenen eskubide zein askatasunak babesteko beharrezko denean bakarrik ezarriko dira;b) Sindikatuek federazio edo konfederazio nazionalak eratzeko daukaten eskubidea, eta hauek nazioarteko erakunde sindikalak eratzeko, edota horietara afiliatzeko;c) Sindikatuek eragozpenik gabe eta legean aurreikusitako mugekin bakarrik funtzionatzeko daukaten eskubidea. Muga horiek, betiere, gizarte demokratiko batean segurtasun nazionalaren edo ordena publikoaren intereserako, edota hirugarrenen eskubide zein askatasunak babesteko beharrezko denean bakarrik ezarriko dira;d) Grebarako eskubidea, herrialde bakoitzeko legeen arabera gauzatuko dena.2. Artikulu hau ez da eragozpen izango indar armatuek, poliziak edota Estatuko administrazioak eskubide horien egikaritzari legezko murrizketak egiteko.3. Artikulu honetan xedatutakoak ez die baimenik emango Lanaren Nazioarteko Erakundeak 1948an askatasun sindikal eta sindikatzeko eskubidearen babesari buruz onarturiko Hitzarmeneko Alderdi diren Estatuei, Hitzarmen horretan aurreikusitako bermeak murrizten dituzten legezko neurriak hartzeko, edota legea berme horiek murrizten dituen moduan aplikatzeko.

9. artikulua Paktu honetako Alderdi diren Estatuek pertsona orok gizarte segurantza, aseguru soziala barne, izateko daukan eskubidea aintzatesten dute.

10. artikulua Paktu honetako Alderdi diren Estatuek onartzen dute:1. Familiari, gizarteko elementu natural eta oinarrizkoa berau, ahalik eta babes zein laguntzarik handiena eman behar zaiola, bereziki bere eraketarako, eta seme-alaben zaintza eta heziketaren ardura daukan bitartean. Ezkontide bilakatuko direnek askatasunez eman behar dute ezkontzeko adostasuna.2. Emakumeei babes berezia eman behar zaiela erditu aurreko eta ondorengo zentzuzko epe batean. Epe horretan, lanean diharduten emakumeei lizentzia ordaindua edota gizarte segurantzako prestazio egokiak eman behar zaizkie.3. Haur eta nerabe guztiak babestu eta laguntzeko neurri bereziak hartu behar direla, filiazio edo beste inolako baldintzagatik diskriminatu gabe. Haur eta nerabe guztiak esplotazio ekonomiko eta sozialaren aurrean babestu egin behar dira. Legez zigortu egingo dira beren moral edo osasunerako kaltegarriak diren, beren bizitza arriskuan jartzen duten, edota beren garapen normala kalte dezaketen lanetarako erabiltzea. Estatuek, halaber, adinaren mugak finkatu behar dituzte, eta adin horietatik behera lan ordaindua egitea debekatu eta legez zigortu.

11. artikulua 1. Paktu honetako Alderdi diren Estatuek pertsona orok beretzat eta bere familiarentzat egoki den bizi maila izateko eskubidea duela aintzatesten dute, eta baita elikadura, jantzi eta bizileku egokiak izateko eta bizi baldintzak etengabe hobetzeko ere. Alderdi diren Estatuek neurri egokiak hartuko dituzte eskubide honen eraginkortasuna ziurtatzeko, eta, honi dagokionez, askatasunez emandako adostasunean oinarrituriko nazioarteko kooperazioak duen garrantzia aitortzen dute.2. Paktu honetako Alderdi diren Estatuek, pertsona orok gosearen aurka babestuta egoteko daukan oinarrizko eskubidea aintzatetsiz, honako hauetarako beharrezko diren neurriak ¾programa zehatzak barne¾ hartuko dituzte indibidualki eta nazioarteko kooperazioaren bitartez:

a) Ezagutza tekniko eta zientifikoetara joz, elikagaiak ekoiztu, kontserbatu eta banatzeko metodoak hobetzeko, nutrizioari buruzko printzipioak zabaltzeko, eta nekazaritzako erregimenak hobetu edo erreformatzeko, baliabide naturalak modu eraginkorragoan ustiatu eta erabiltzeko xedearekin;

b) Mundu osoko elikagaiak ekitatiboki eta beharrei egokituta banatuko direla ziurtatzeko, elikagaiak inportatzen eta esportatzen dituzten herrialdeei sortzen zaizkien arazoak kontuan izanik.

12. artikulua 1. Paktu honetako Alderdi diren Estatuek pertsona orok ahalik eta osasun fisiko zein mentalik onena izateko daukan eskubidea aintzatesten dute.2. Paktu honetako Alderdi diren Estatuek, eskubide honen eraginkortasun osoa ziurtatzeko, besteak beste honako hauetara zuzenduriko neurriak hartu beharko dituzte:

a) Jaioberrien zein haurren hilkortasun tasa murriztea, eta haurren garapen osasuntsua bermatzea;

b) Laneko higienea eta ingurumena beren alderdi guztietan hobetzea;

c) Gaixotasun epidemiko, endemiko, profesional eta gainerakoak prebenitu eta tratatzea, eta beren aurka borrokatzea;

d) Gaixo jarriz gero, guztiei medikuen sorospen eta zerbitzuak ziurtatuko dizkieten baldintzak sortzea.

13. artikulua 1. Paktu honetako Alderdi diren Estatuek pertsona orok hezkuntzarako daukan eskubidea aintzatesten dute. Hezkuntzak giza nortasuna eta duintasuna osotasunean garatzera egon behar du zuzenduta, eta giza eskubide zein oinarrizko askatasunekiko errespetua bultzatu behar du. Hezkuntza, halaber, pertsona guztiak gizarte aske batean modu eraginkorrean parte hartzeko, nazio zein gizatalde etniko edo erlijioso guztien arteko ulermen, tolerantzia eta adiskidetasuna sustatzeko, eta bakearen aldeko Nazio Batuen jarduera guztiak bultzatzeko prestatu behar ditu.2. Paktu honetako Alderdi diren Estatuek onartzen dute, eskubide honen eraginkortasun osoa lortzeko:

a) Lehen hezkuntzak derrigorrezkoa eta dohainekoa izan behar duela;

b) Bigarren hezkuntzak, bere aldaera guztietan, bigarren hezkuntza tekniko eta profesionalak barne, orokorra eta denentzat eskuragarria izan behar duela, eta horretarako neurriak hartuko direla, bereziki, pixkanaka dohainekoa izateko;

c) Goi irakaskuntzak ere denentzat eskuragarria izan behar duela, eta horretarako neurriak hartuko direla, bereziki, pixkanaka dohainekoa izateko. Irakaskuntza hau norberaren gaitasunean egongo da oinarrituta;

d) Posible den neurrian, lehen hezkuntza jaso ez duten edota amaitu ez duten pertsonentzat oinarrizko hezkuntza sustatu edo indartu beharko da;

e) Irakaskuntzaren ziklo guztietan eskola sistemaren garapena bultzatu, beken sistema bat ezarri, eta irakasleen baldintza materialak etengabe hobetu beharko dira.

3. Paktu honetako Alderdi diren Estatuek, gurasoek edota, dagokionean, legezko tutoreek, beren seme-alaba edo pupiloentzat autoritate publikoek sortuak ez diren eskolak aukeratzeko daukaten askatasuna errespetatzeko konpromisoa hartzen dute, betiere eskola horiek Estatuak irakaskuntzaren arloan ezarri edo onartutako gutxieneko arauak betetzen badituzte. Halaber, beren seme-alaba edo pupiloek beren usteekin bat datorren hezkuntza erlijioso edo morala jasotzeko daukaten eskubidea ere aintzatesten diete.4. Artikulu honetan xedatutakoa ezin izango da partikular eta entitateek ikastetxeak sortu eta zuzentzeko daukaten askatasuna murrizteko moduan interpretatu, betiere 1. paragrafoan adierazitako printzipioak errespetatzen badituzte, eta ikastetxe horietako hezkuntza Estatuak ezarritako gutxieneko arauetara egokitzen baldin bada.

14. artikulua Paktu honetako Alderdi den Estatu orok, Paktuko Alderdi bihurtzeko unean bere lurralde metropolitarrean edota bere eskumeneko lurraldeetan lehen hezkuntzaren derrigortasun eta dohainekotasuna ezartzerik izan ez badu, derrigorrezko eta dohaineko hezkuntzaren printzipioa arrazoizko epe batean progresiboki aplikatzeko plan bat bi urteko epean prestatu eta onartzeko konpromisoa hartzen du.

15. artikulua 1. Paktu honetako Alderdi diren Estatuek, pertsona orok honako hauek egiteko daukan eskubidea aintzatesten dute:a) Arlo kulturalean parte hartzeko;b) Aurrerapen zientifikoen eta beren aplikazioen onurez gozatzeko;c) Bere ekoizpen zientifiko, literario edo artistikoengatik dagozkion interes moral zein materialen babesa jasotzeko.2. Paktu honetako Alderdi diren Estatuek eskubide honen egikaritza osoa ziurtatzeko hartu beharko dituzten neurrien artean, zientzia eta kultura kontserbatu, garatu eta zabaltzeko beharrezko direnak egongo dira.3. Paktu honetako Alderdi diren Estatuek ikerketa zientifikorako eta sorkuntzarako askatasuna errespetatzeko konpromisoa hartzen dute.4. Paktu honetako Alderdi diren Estatuek, arlo zientifiko eta kulturalean nazioarteko kooperazio eta harremanak sustatu eta garatzetik eratorritako onurak aintzatesten dituzte.

IV. ZATIA

16. artikulua 1. Paktu honetako Alderdi diren Estatuek konpromisoa hartzen dute, Paktu honetan aintzatetsitako eskubideak errespetatu egingo direla ziurtatzeko xedearekin hartu dituzten neurriei eta egin dituzten aurrerapenei buruzko txostenak aurkeztu beharko dituzte, Paktuaren zati honetan xedatutakoari jarraiki.2.

a) Txosten guztiak Nazio Batuetako idazkari nagusiari aurkeztu beharko zaizkio, eta berak Ekonomia eta Gizarte Kontseiluari kopiak bidaliko dizkio, Paktu honetan xedatutakoari jarraitu azter ditzan;

b) Nazio Batuetako idazkari nagusiak organismo espezializatuei ere bidaliko dizkie Paktu honetako Alderdi diren Estatuek helarazitako txostenen edota txosten hauen zati jakin batzuen kopiak, Estatu horiek organismo espezializatu horietako kide ere direnean, eta, betiere, txosten horiek loturaren bat daukatenean organismo horien eskuduntzakoak diren arloekin.

17. artikulua 1. Paktu honetako Alderdi diren Estatuek epeka aurkeztuko dituzte beren txostenak, Ekonomia eta Gizarte Kontseiluak Paktu hau indarrean sartzen denetik urte beteko epean ezarriko duen programari jarraiki, aurrez Alderdi diren Estatuei eta interesatuta dauden organismo espezializatuei kontsulta egin ostean.2. Txosten horietan, Paktu honetan aurreikusten diren betebeharrak betetzeko dauzkaten inguruabar eta zailtasunak adierazi ahal izango dituzte.3. Alderdi den Estatu batek informazioa aurrez jada aurkeztu dienean Nazio Batuei edota organismo espezializatu bati, ez du informazio hori berriz eman beharrik izango; nahikoa izango da erreferentzia zehatza ematea.

18. artikulua Ekonomia eta Gizarte Kontseiluak, Nazio Batuen Gutunak giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen arloan ematen dizkion ahalmenen bitartez, akordioak egin ahal izango ditu organismo espezializatuekin, organismo hauek, beren eskumenen barnean, Paktu honetako xedapenak betetzeari buruzko txostenak aurkez ditzaten. Txosten hauetan, organismo horietako organo eskudunek onartu dituzten erabaki eta gomendioei buruzko xehetasunak jaso ahal izango dituzte.

19. artikulua Ekonomia eta Gizarte Kontseiluak Giza Eskubideen Batzordeari Estatuek 16 eta 17. artikuluei jarraiki aurkeztutako txostenak bidali ahal izango dizkio, aztertu eta gomendio orokorrak eman ditzan, edota informatzeko, kasuan kasu, eta baita organismo espezializatuek 18. artikuluari jarraiki giza eskubideei buruz aurkeztutako txostenak ere.

20. artikulua Paktu honetako Alderdi diren Estatuek eta interesatuta dauden organismo espezializatuek, 19. artikuluari jarraiki, gomendio orokor orori buruzko oharrak egin ahal izango dizkiote Gizarte eta Ekonomia Kontseiluari, edota Giza Eskubideen Batzordearen txosten batean edota bertan aipatzen den agiri batean jasotzen den gomendio orokor orori buruz.

21. artikulua Gizarte eta Ekonomia Kontseiluak, noizean behin, gomendio orokorrak jasotzen dituzten txostenak aurkeztu ahal izango dizkio Batzar Nagusiari, eta baita Paktu honetako Alderdi diren Estatuek zein organismo espezializatuek Paktu honetan aintzatesten diren eskubideak errespetatzeko hartutako neurriei edota arlo honetan egin dituzten aurrerapenei buruz bidali dioten informazioaren laburpen bat ere.

22. artikulua Ekonomia eta Gizarte Kontseiluak, Nazio Batuetako beste organo batzuei, beren organo subsidiarioei eta interesatuta dauden organismo espezializatuei, Paktu honen zati honetan aipatzen diren txostenen edozein alderditan laguntza teknikoa emateaz ardura daitezela eskatu ahal izango die, entitate horiek ¾bakoitza bere eskuduntzen arloan¾ Paktu hau progresibo eta eraginkorki aplikatzeko lagungarri izan daitezkeen nazioarteko neurriak hartzeari buruzko komenientziaz pronuntzia daitezen.

23. artikulua Paktu honetako Alderdi diren Estatuek adierazten dute Paktu honetan aintzatesten diren eskubideak errespetatu egingo direla ziurtatzeko nazioarteko neurriek honelako prozedurak ere barnebiltzen dituztela: konbentzioak sinatzea, gomendioak luzatzea, laguntza teknikoa ematea, eta, kontsultak eta azterketak egiteko, interesatuta dauden gobernuekin batera bilera eskualdetar eta teknikoak antolatzea.

24. artikulua Paktu honetako xedapenak ezin izango dira interpretatu Nazio Batuen Gutuneko xedapenen edota Nazio Batuetako organoen ahalmenak definitzen dituzten edota Paktu honetan aipatzen diren gaiei buruz organismo espezializatuen konstituzioek jasotzen dituzten xedapenen kaltetan.

25. artikulua Paktu honetako xedapenak ezin izango dira herri guztiek beren aberastasun eta baliabide naturalez erabat eta askatasunez gozatzeko daukaten eskubidearen kaltetan interpretatu.

V. ZATIA

26. artikulua 1. Paktu hau Nazio Batuetako Estatu kide guztiek eta organismo espezializaturen bateko kide guztiek sinatu ahal izango dute, eta baita Justiziaren Nazioarteko Gortearen Estatutuko Alderdi diren Estatu guztiek eta Nazio Batuetako Batzar Nagusiak Paktu honetako alderdi izatera gonbidatu duen beste edozein Estatuk ere.2. Honako Paktu hau berrestu egin beharko da. Berrespenerako tresnak Nazio Batuetako idazkari nagusiari eman beharko zaizkio.3. Paktu honi, artikulu honetako 1. paragrafoan aipaturiko edozein Estatu atxiki ahal izango zaio.4. Atxikimendua, Nazio Batuetako idazkari nagusiari atxikimendurako tresna bat emanez egingo da.5. Nazio Batuetako idazkari nagusiak, jaso dituen berrespenerako edo atxikimendurako tresna guztien berri emango die Paktu hau sinatu duten edota bertara atxiki diren Estatu guztiei.

27. artikulua 1. Honako Paktu hau, Nazio Batuetako idazkari nagusiari berrespen edo atxikimendurako hogeita hamabosgarren tresna lagatzen zaionetik hiru hilabetera sartuko da indarrean.2. Paktua berrestu duen edota Paktuari berrespen edo atxikimendurako hogeita hamabosgarren tresna lagatu ondoren atxiki zaion Estatu bakoitzari dagokionez, Paktua berrespen edo atxikimendurako dagokion tresna lagatu denetik hiru hilabetera sartuko da indarrean.

28. artikulua Paktu honetako xedapenak Estatu federalak osatzen dituzten alderdi guztiei aplikatuko zaizkie, inolako muga zein salbuespenik gabe.

29. artikulua 1. Paktu honetako Alderdi den Estatu orok emendakinak aurkeztu ahal izango ditu, eta Nazio Batuetako idazkari nagusiari eman. Idazkari nagusiak Paktu honetako Alderdi diren Estatuei emendakin horien berri emango die, eta proposamen horiek aztertu eta bozkatzeko Alderdi diren Estatuen konferentzia baterako deialdirik egiterik nahi ote duten jakinaraz diezaiotela eskatuko die. Estatuen heren bat gutxienez deialdi hori egitearen alde agertzen bada, idazkari nagusiak konferentzia baten deialdia egingo du. Konferentzia horretan presente dauden Estatuen gehiengoz onarturiko emendakinek Nazio Batuetako Batzar Nagusiaren onarpena beharko dute.2. Emendakin horiek, Nazio Batuetako Batzar Nagusiek onartu ondoren sartuko dira indarrean, eta Paktu honetako Alderdi diren Estatuen bi hereneko gehiengoaren onespena jasotzean, beren prozedura konstituzionalen arabera.3. Emendakin horiek indarrean sartutakoan, onartu dituzten Alderdi diren Estatuentzat derrigorrez bete beharrekoak izango dira; Alderdi diren gainerako Estatuek, Paktu honetako xedapenak eta aurrez onartu dituzten emendakinak bete beharko dituzte.

30. artikulua 26. artikuluko 5. paragrafoan aurreikusten diren jakinarazpenez gain, Nazio Batuetako idazkari nagusiak, artikulu horretako 1. paragrafoan zehazten diren Estatu guztiei zera jakinaraziko die:

a) 26. artikuluan adierazitakoari jarraiki jasotako sinadura, berrespen eta atxikimenduak;

b) 27. artikuluan adierazitakoari jarraiki, honako Paktu hau indarrean sartuko den eguna, eta 29. artikuluan aipatzen diren emendakinak indarrean sartuko diren eguna.

31. artikulua 1. Honako Paktu hau Nazio Batuetako artxibategietan gordailatuko da, eta testuaren txinerazko, gaztelaniazko, frantsesezko, ingelesezko eta errusierazko bere bertsioek autentikotasun berbera izango dute. 2. Nazio Batuetako idazkari nagusiak, 26. artikuluan aipatzen diren Estatu guztiei Paktu honen kopia ziurtatua bidaliko die.

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies