Biltzar Orokokorrak hartu eta sinadurara ireki, berretsi eta atxikitua bere 1966ko abenduaren 16ko 2200 A (XXI) Ebazpenean.
Indarrean jarri zen 1976ko martxoaren 23an, 49. artikuluarekin bat etorriz
Hitzaurrea
Itun honetako Estatu Alderdiek,
Kontuan hartuz, Nazio Batuen Gutunean adierazten diren printzipioekin bat etorriz, askatasunak, justiziak eta munduko bakeak, oinarri dutela giza familiako kide guztiei datxekien duintasunaren aintzatespena bai eta beraien eskubideen berdintasun eta besterenduezintasunarena ere,
Eskubide horiek gizakiari datxekion duintasunetik ondorioztatzen direla aintzatetsiz,
Aintzatesiz, Giza Eskubideei buruzko Adierazpen Unibertsalaren ariora, pertsona bakoitzak bere eskubide zibil eta politikoak, hala nola bere eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalak gozatzeko baldintzak sortu ezean ezin daitekeela gizaki askeari buruzko amets-helbururik egin, bere askatasun zibil eta politikoen luperketan eta beldur eta miseriatik askatua dagoen gizakiari, alegia,
Kontuan hartuz Nazio Batuen Gutunak Estatuei giza eskubide eta askatasunen errespetu unibertsal eta benetakoa sustatzeko betebeharra ezartzen diela,
Ulertuz, norbanakoak beste norbanakoekiko eta bere erkidegoarekiko eginbeharrak dituenez, ahalegintzeko betebeharra duela Itun honetan aintzatetsitako eskubideak lortu eta bete ditzan.
Ondoko artikuluak hitzartzen dituzte:
I. Zatia
1. Artikulua
1. Herri guztiek aske erabakitzeko eskubidea dute. Eskubide horren ariora, herriek askatasunez ezartzen dute beraien izate politikoa; halaber, euren garapen ekonomiko, sozial eta kulturala bultzatzen dute. 2. Helburu horiek erdiesteko, herri guztiek euren aberastasunak eta baliabide naturalak aske xeda ditzakete, elkarrekiko onuraren printzipioa oinarri duen nazioarteko lankidetza ekonomikotik eta nazioarteko zuzenbidetik eratortzen diren betebeharrei kalterik egin gabe. Ezein kasutan ezin izango zaio herri bati bere bizibiderik kendu.
3. Itun honetako Estatu Alderdiek, baita lurralde ez autonomoak eta fideikomisoan daudenak administratzeko erantzukizuna duten Estatuek ere, aske erabakitzeko eskubidearen egikaritza sustatu eta eskubide hori errespetatuko dute, Nazio Batuen Gutunaren xedapenekin bat etorriz.
II. Zatia
2. Artikulua
1. Itun honetako Estatu Alderdi bakoitzak konpromisoa hartzen du bere lurraldean egon eta bere jurisdikzioaren menpe dauden norbanako guztiei Itun honetan aintzatetsitako eskubideak errespetatu eta bermatzeko ondoko bereizketarik gabe: arraza, kolore, sexu, hizkuntza, erlijio, iritzi politiko edo beste era batekoak, nazioko zein gizarteko jatorria, maila ekonomiko, jaiotza edo beste gizarte baldintzarik gabe. 2. Estatu Alderdi bakoitzak konpromisoa hartzen du neurri egokiak hartzeko Itunean aintzatetsitako eskubideak eragingarri egin daitezen, behar diren legegintzazko edo bestelako xedapenak emanez, bere Konstituzio prozedura eta Itun honetako xedapenen arabera. Hori guztia baldin eta dagoeneko legegintzazko edo beste izaerako xedapenek eskubideok bermatzen ez badituzte.
3. Itun honetako Estatu Alderdi bakoitzak konpromisoa hartzen du ondokoa bermatzeko:
a) Pertsona orok errekurtso eraginkorra jarri ahal izango duela baldin eta Itun honetan aintzatetsitako eskubide eta askatasunak urratzen bazaizkio, nahiz eta urratzea eginkizun ofizialen egikaritzan jardun zuten pertsonek sortu;
b) Epai, administrazio edo legegintzazko agintari eskudunak edota Estatuaren lege eraentzak ezarritako beste edozein agintari eskudunak, erabakia hartuko du errekurtso hori jartzen duen pertsona ororen eskubideen gainean. Horrez gain, epai errekurtsoa garatuko du;
c) Agintari eskudunek erabaki oro beteko dutela baldin eta errekutsoari oniritzia eman bazaio.
3. Artikulua
Itun honetako Estatu Alderdiek konpromisoa hartzen dute gizon eta emakumeei bermatzeko berdintasunean goza ditzaten Itunean adierazitako eskubide zibil eta politiko guztiak.
4. Artikulua
1. Nazioaren bizitza arriskuan jartzen duten salbuespeneko egoeretan, salbuespeneko egoera ofizialki aldarrikatu denean, Itun honetako Estatu Alderdiek Itunaren arabera hartutako betebeharrak etetzea xedatu ahal izango dute, xedapenok egoeraren zer-nolakora hertsiki mugatuko badira ere. Ezein modutan xedapen horiek ezin dira bateraezinak izan nazioarteko zuzenbideak ezarritako gainerako betebeharrekin. Halaber, xedapenok ezin dute ekarri arraza, kolore, sexu, hizkuntza, erlijio edo gizarteko jatorrian bakarrik oinarritzen den bereizkeriarik. 2. Aurreko xedapenak ez du baimentzen 6, 7, 8 (1 eta 2. lerroaldeak), 11, 15, 16 eta 18. artikuluen etetea.
3. Etete eskubidea erabiltzen duen Itun honetako Estatu Alderdi orok Itun honetako gainerako Estatu Alderdiak berehala informatuko ditu etendako xedapenen eta etetea eragin duten arrazoien inguruan, Nazio Batuen Idazkari Nagusiaren bidez. Bide bera erabilita beste komunikazio bat egingo da etete hori bukatutzat ematen den datan.
5. Artikulua
1. Itun honetako ezein xedapen ezin izango da ondoko esanguran interpretatu: Estatu, talde edo norbanakoari eskubidea ematen zaiola Itunean aintzatetsitako edozein eskubide eta askatasun suntsitzeko asmoarekin jardunak hasi edo egintzak bideratzeko. Halaber, ezin izango dute Itunak ezarritakoa baino murrizketa gehiagorik jarri eskubide eta askatasunen gain. 2. Onartezina da lege, hitzarmen, araudi edo ohitura bidez, Estatu Alderdiak aintzatetsitako edo Estatuan indarrean dauden oinarrizko giza eskubideen murrizketa edo urritzea, Itunak aintzatetsi ez edo maila txikiagoan aintzatesten dituenaren aitzakiarekin.
III. Atala
6. Artikulua
1. Bizitza eskubidea gizakiari datxekio. Legeak eskubide hori babestuko du. Inori ezin izango zaio bizitza nahierarakotasunez kendu. 2. Heriotza zigorra abolitu ez duten herrietan, heriotza zigorra bakarrik ezarri ahal izango da deliturik astunenen kasuan, delitua egiteko unean indarrean dauden legeekin bat etorriz. Gainera legeok ezin daitezke Itun honetako zein Genozidio Delituaren gaineko Prebentzio eta Zehapenerako Hitzarmeneko xedapenen aurkakoak izan. Zigor hori auzitegi eskudunak emandako behin betiko epaia betetzeko bakarrik ezarri ahal izango da.
3. Bizitza kentzea genozidio delitua denean ulertuko da artikulu honen ezelako xedapenak ez dituela inolaz ere desenkusatzen Estatu Alderdiak, Genozidio Delituaren gaineko Aurrearreta eta Zehapenerako Hitzarmenaren xedapenen arabera bereganatu dituzten betebeharrak betetzeko.
4. Heriotzara kondenatua izan den pertsona orok indultua nahiz heriotza zigorraren ordezpena eskatzeko eskubidea izango du. Amnistia, indultua edo heriotza zigorraren ordezpena kasu guztietan eman ahal izango dira.
5. 18 urtetik beherakoek eta haurdun dauden emakumeek egindako delituengatik ezingo da heriotza zigorrik jarri.
6. Itun honetako Estatu Alderdiak ezin izango du Itun honetako ezein xedapen erabili heriotza zigorraren ezabaketa atzeratu edo saihesteko.
7. Artikulua
Inor ez da tortura ezta zigor edo tratu krudel, jasangaitz zein degradatzaileen menpe jarriko. Bereziki, inor ez da bere adostasun askerik gabe esperimentu mediku zein zientifikoen menpe jarriko.
8. Artikulua
1. Inor ez da esklabotzapean egongo. Esklabotza eta esklaboen salerosketa debekatuta egongo dira bere modu guztietan. 2. Inor ez da joputzapean egongo.
3. a) Inor ez da hertsatuko derrigorrezko edo nahitaezko lana burutzera.
b) Aurreko tartekadura ondoko esanguran interpretatuko da: hainbat herrialdetan, presoaldi zigorrarekin batera zenbait delitu derrigortutako lanarekin zigortzen badituzte, ez da debekatzen auzitegi eskudunak ezarritako derrigortutako lan zigorraren betepena.
c) Lerroalde honen ondoreetarako ez dira “derrigorrezko zein nahitaezko lan” gisa hartuko:
i) Ildo beretik b) tartekaduran aipatutako lan edo zerbitzuetaz gain, legez emandako erabaki judizial baten arabera preso dagoen pertsona bati ohiz eskatzen zaizkion lan edo zerbitzuak, ez eta erabakiaren arabera preso egon den eta baldintzapeko askatasunean dagoen pertsonari eskatutakoak ere.
ii) Militar izaerako zerbitzua. Kontzientzia arrazoiengatik salbuespena onartzen den herrialdeetan, kontzientzia arrazoiak direla-eta zerbitzu militarraren aurka jartzen direnek legearen arabera nazioari eman behar dioten zerbitzua.
iii) Arrisku edo lazeria egoeretan ezarritako zerbitzua, bizitza edo gizataldearen ongizatea mehatxupean dagoelako.
iv) Gizabidezko betebehar arruntek barneratzen duten lan edo zerbitzua.
9. Artikulua
1. Edozein pertsonak norbere askatasun eta segurtasunerako eskubidea du. Ezin da inor nahierara atxilotu edo kartzelapean jarri. Inori ezin zaio askatasunik kendu, Legeak finkatutako zioen eta prozeduraren arabera izan ezik. 2. Atxilotutako pertsona oro, atxiloketa unean, informatu beharko dute atxiloketaren arrazoien inguruan eta atzerapenik gabe bere aurka azaldutako akusazioa jakinaraziko zaio.
3. Zigor urratzeagatik atxilotu edo preso hartu duten pertsona oro atzerapenik gabe eramango dute epailearen aurrera edo beste funtzionarioaren aurrera, legeak azken horri epai eginkizunak egikaritzeko baimena ematen badio. Gainera, pertsona orok zentzuzko epean epaitua izateko edo aske lagatzeko eskubidea izango du. Epaituak izango diren pertsonen aurrearretazko presoaldia ez da arau orokorra izan behar; horien askatasuna, ordea, bermeen menpe egon daiteke judizioaren egintzan edo auzibidezko diligentzien edozein unetan akusatuaren agerraldia segurtatzeko eta, kasua balitz, epaitza betearazteko.
4. Atxiloketa edo presoaldiagatik askatasuna kendu dioten pertsona orok auzitegiari errekurtsoa jartzeko eskubidea izango du, auzitegiak ahalik eta eperik laburrenean presoaldiaren legezkotasunari buruz erabaki dezan. Presoaldia legez aurkakoa balitz, auzitegiak pertsona horren askatasuna aginduko du.
5. Legez aurka atxilotu edo preso hartu duten pertsona orok medeapena jasotzeko eskubide eraginkorra izango du.
10. Artikulua
1. Askatasuna kendu dioten pertsona oro gizalegez eta gizakiari datxekion duintasuna errespetatuz tratatuko da. 2. a) Auzipetuak kondenatuengandik banatuta egongo dira, aparteko egoeratan izan ezean. Auzipetuek tratamendu desberdina jasoko dute, hots, Kondenatuak ez dauden pertsonei dagokiena.
b) Adingabeko auzipetuak helduengandik banatuta egongo dira. Adingabekoak hainbat arinen auzitegien aurrera eraman beharko dituzte, judizioa burutzeko.
3. Presoleku eraentza tratamenduan datza; tratamendu horren oinarrizko helburua zigortuen zuzenketa eta gizarteratzea izango da. Adingabeko delitugileak helduengandik banatuta egongo dira, eta euron adin eta izate juridikoari dagokien tratamenduaren menpe jarriko dituzte.
11. Artikulua
Inor ez dute kartzelaratuko kontratu betebeharra bete ezin hutsagatik.
12. Artikulua
1. Estatuaren lurraldean legez dagoen edonor lurralde horretan zehar askatasunez zirkulatzeko eta bertan bere egoitza askatasunez aukeratzeko eskubidea izango du. 2. Edonork edozein herritatik askatasunez irteteko eskubidea izango du, baita bere herritik ere.
3. Lehen aipatu eskubide horiek ez dute murrizketarik izango, ondokoetan izan ezean: legeak murrizketok ezartzean; murrizketok beharrezkoak direnean nazioko segurtasuna, ordena publikoa, osasuna zein moral publikoa edo gainontzekoen eskubide eta askatasunak babesteko; eta murrizketak itun honetan aintzatetsitako gainontzeko eskubideekin baterakorrak direnean.
4. Inori ezingo zaio nahierarakotasunez kendu bere herrian sartzeko eskubiderik.
13. Artikulua
Itun honetako Estatu Alderdi baten lurraldean legez dagoen atzerritarra bakarrik kanporatu ahal izango da legez hartutako erabakiaren betepenean. Atzerritarrari baimena emango zaio kanporatzearen aurka dituen arrazoiak azaltzeko, baldin eta nazioko segurtasun arrazoi larriek kontrakoa ezartzen ez badute. Halaber, atzerritarrari bide emango zaio bere kasua agintari eskudunak edo berak bereziki izendatutako pertsona zein pertsonek kasua berrikus dezaten, baita, horretarako, pertsona horien aurrean ordezkaritza izateko ere.
14. Artikulua
1. Pertsona guztiak berdinak dira auzitegi eta justizi gorteetan. Pertsona orok eskubidea izango du legez ezarritako auzitegi eskudun, lokabe eta inpartzialak jendeaurrean eta beharrezko bermeekin entzun diezaion, bere aurka azaldutako zigor izaerako edozein akusazioaren tramitazioan edo pertsona horren eskubide zein betebehar zibilak zehaztean. Gizarte demokratikoan, prentsa eta jendea judizio guztietatik edo batzuetatik baztertu ahal izango dira, moral, ordena publiko edo nazioko segurtasun arrazoiak direla eta; edo alderdien bizitza pribatuaren interesak behar duenean, edo autuaren inguruabar bereziak direla eta auzitegiaren aburuz behar-beharrezkoa denean, publizitatea justiziaren kaltetan izan daitekeelako. Baina zigor edo administrazio auzibidearekiko epaiak publilkoak izango dira, adingabekoen interesak kontrakoa behar duenean, ezkontzari edo adingabekoen tutoretzari buruzko auzietako akusazioetan. 2. Delituagatik akusatzen den pertsona orok errugabea delako presuntziorako eskubidea du, legearen arabera erruduntasuna frogatzen ez den bitartean.
3. Prozesuan zehar, delituagatik akusatzen den pertsona orok eskubidea izango du berdintasun osoz ondoko gutxieneko berme hauek edukitzeko:
a) Atzerapenik gabe, ulertzen duen hizkuntzan eta zehat-mehatz informatua izatea, bere aurka azaldutako akusazioaren izaera eta arrazoien gainean;
b) Bere defentsaren prestaketarako denbora eta baliabide egokiak edukitzea eta bere aukerako defentsariarekin komunikatzea;
c) Bidegabeko luzapenik gabe epaitua izatea;
d) Prozesuan parte hartzea eta bere burua defendatu edo bere aukerako defentsariaren laguntza izatea; defentsaririk edukiko ez balu, defentsaria edukitzeko duen eskubidearen berri ematea. Halaber, justiziaren interesak behar duenean, ofiziozko defentsaria dohainik izendatu dakion, baldin eta berori ordaintzeko behar besteko baliabiderik izango ez balu;
e) Itauntzea edo kargu lekukoak itaunaraztea, hala nola, zuribide lekukoen agerraldia lortzea eta horiek kargu lekukoen baldintza berberetan itaunduak izatea;
f) Auzitegiak erabiltzen duen hizkuntza ez badu ulertzen ezta hitzegiten ere, interpretatzaile baten laguntza dohainik izatea;
g) Bere buruaren aurka aitorpenik egiteko edo bere burua erruduntzat jotzeko behartuta ez izatea.
4. Adingabekoei zigor ondoreetarako ezar dakieken prozeduran, aintzat hartuko dira adingabekoa dela eta horren gizarteratzea bultzatzearen garrantzia.
5. Delituagatik errudun deklaratu den pertsona orok eskubidea izango du berari ezarritako epaitza kondenatzailea eta zigorra gorengo auzitegiaren menpe jartzeko, Legeak ezarritakoarekin bat.
6. Epai kondenatzaile irmoa geroago ezeztatua izan bada, edo kondenatua indultatua izan bada oker judiziala erabat frogatzen duen egitatea gertatu edo atzeman delako, aipatu epaiaren ondorioz zigorra jasan duen pertsonak legearen araberako kalte-ordaina jaso beharko du, egitate ezezaguna zati batez edo osorik egoki ez ezagutaraztea kondenatuari egotzi dakiokeenean frogatu ezik.
7. Inor ezingo dute epaitu edo zehatu delituagatik baldin eta lehenago herrialde bakoitzeko lege eta zigor prozeduraren arabera emandako epai irmo bidez delitu beragatik kondenatu edo absolbitu bada.
15. Artikulua
1. Inor ez dute kondenatuko egiteko unean delitu ez diren egite edo ez-egiteengatik, herrialdeko edo nazioarteko zuzenbidearen ariora. Halaber, ez da delitua egiteko unean aplika daitekeen baino zigor astunagorik ezarriko. Delitua egin ondoren, legeak zigor arinagoa ezartzea xedatzen badu, delitugilea horren onura izango du. 2. Artikulu honetan xedatutako ezer ez da pertsona baten judizio zein kondenaren aurka jarriko egite zein ez-egiteak gauzatzeko unean delitu izango balira nazioarteko erkidegoak aintzatetsitako printzipio orokorren arabera.
16. Artikulua
Gizaki orok eskubidea du bere nortasun juridikoa aintzatetsi dakion toki guztietan.
17. Artikulua
1. Inork ez ditu jasango bere bizitza pribatuan, familian, egoitzan edo postatrukean nahierarako edota legez aurkako eskusartzerik, ezta bere ohore eta ospearen aurkako erasorik ere. 2. Eskusartze edo eraso horiei aurre egiteko, pertsona orok legearen babesa izateko eskubidea du.
18. Artikulua
1. Persona orok pentsamendu, kontzientzia eta erlijio askatasunerako eskubidea du. Eskubide horrek ondoko askatasunak barneratzen ditu: norberak aukeratutako erlijio edo sinisteak eduki edo hartzea, hala nola, bakarka zein taldeka, jendaurrean nahiz pribatuan, norberaren erlijio eta sinisteak adieraztea, kultu, errituen ospaketa, eginera eta irakaskuntzaren bidez. 2. Inor ez da neurri hertsagarrien menpe jarriko, baldin eta neurriok norberak aukeratutako erlijio edo sinisteak eduki edo hartzeko askatasunari kalte eginez gero.
3. Norberaren erlijioa edo sinisteak adierazteko askatasuna bakarrik legeak ezarritako mugen menpe egongo da, baldin eta mugak beharrezkoak badira segurtasuna, ordena, osasun zein moral publikoak edo gainontzekoen oinarrizko eskubide eta askatasunak babesteko.
4. Itun honetako Estatu Alderdiek konpromisoa hartzen dute guraso eta kasua balitz, legezko tutoreen askatasuna errespetatzeko, seme-alabek guraso edo tutoreen sinisteekin bat datorren erlijio eta moral hezkuntza jaso dezaten bermatuz.
19. Artikulua
1. Inor ezingo dute eragotzi bere iritziak direla eta. 2. Pertsona orok adierazpen askatasunerako eskubidea du. Eskubide horrek mota guztietako informazio eta ideiak bilatu, jaso eta zabaltzeko askatasuna barneratzen du, ahoz, idatziz, modu inprimatu zein artistikoan edo bere aukerako beste edozein prozeduraren bidez, mugarik kontuan hartu gabe.
3. Artikulu honetako 2. lerroaldean ezarritako eskubidearen egikaritzak eginbehar eta erantzukizun bereziak dakartza. Ondorioz, eskubidearen egikaritza zenbait murrizketen menpe egon daiteke; hala ere, legeak berariaz ezarri beharko ditu murrizketok eta beharrezkoak izango dira:
a) Gainontzekoen eskubide edo ospearen errespetua segurtatzeko.
b) Nazioko segurtasuna, ordena publikoa edo osasun zein moral publikoa babesteko.
20. Artikulua
1. Legeak debekatuko du gudaren aldeko propaganda oro. 2. Legeak debekatuko du bereizkeria, etsaitasun edo bortxara bultzatzen duten nazio, arraza edo erlijioarekiko gorrotoaren apologia oro.
21. Artikulua
Batzartze baketsurako eskubidea aintzatesten da. Eskubide horren egikaritza legeak bakarrik ezarritako murrizketen menpe egon ahal izango da, baldin eta murrizketa horiek beharrezkoak badira gizarte demokratikoan, nazioko segurtasuna, segurtasun publikoa zein ordena publikoaren intereserako edota osasun zein moral publikoa nahiz gainontzekoen eskubide eta askatasunak babesteko.
22. Artikulua
1. Pertsona orok eskubidea du beste batzuekin askatasunez elkartzeko, sindikatuak eratu eta bere interesen babeserako sindikatuetara afiliatzeko eskubidea barne. 2. Eskubide horren egikaitza legeak bakarrik ezarritako murrizketen menpe egon ahal izango da, baldin eta murrizketa horiek beharrezkoak badira gizarte demokratikoan, nazioko segurtasuna, segurtasun publikoa zein ordena publikoaren intereserako edota osasun zein moral publikoa nahiz gainontzekoen eskubide eta askatasunak babesteko. Artikulu honek ez du eragotziko eskubidearen egikaritzari legezko murrizketak jartzea, indar armatu eta poliziaren kideen kasuan.
3. Artikulu honetako ezein xedapenak ez ditu baimentzen Lanaren Nazioarteko Erakundearen sindikatu askatasunari eta sindikatuetara afiliatzeko eskubideari buruzko 1948ko Hitzarmenaren Estatu Alderdiak legegintzazko neurriak har ditzaten Hitzarmenean ezarritako bermeei kalterik egin ahal badiete. Halaber, ez du baimentzen legearen aplikazioa, aipatu bermeei kalterik egingo badie.
23. Artikulua
1. Familia gizartearen berezko eta oinarrizko osagaia da, eta gizartearen eta Estatuaren babesa izateko eskubidea dauka. 2. Gizonak eta emakumeak ezkontzarako duten eskubidea aintzatesten da, baita familia osatzeko eskubidea ere, horretarako behar den adina badute.
3. Ezkongaien adostasun aske eta osorik gabe ezin da ezkontzarik egin.
4.Itun honetako Estatu Alderdiek neurri egokiak hartuko dituzte, bi ezkontideen eskubidea eta erantzukizun berdintasuna ziurtatzeko ezkontzari begira, bai ezkontzak dirauen bitartean, bai eta ezkontza desegindakoan ere. Ezkontza desegin eta gero, seme-alaben babesa bermatuko duten xedapenak hartuko dira.
24. Artikulua
1. Haur orok eskubidea du adingabeko izateak behar dituen babes neurriak edukitzeko. Neurriok bai bere familiak zein gizarteak eta Estatuak emango dizkiote, arraza, kolore, sexu, hizkuntza, erlijio, nazioko zein gizarteko jatorria, maila ekonomiko edo jaiotza arrazoiengatiko bereizkeriarik gabe. 2. Jaio ondoren haur oro berehala inskribatuko da eta izena eduki beharko du.
3. Haur orok naziokotasuna eskuratzeko eskubidea du.
25. Artikulua
2. artikuluan aipatu bereizketa eta bidegabeko murrizketarik gabe, hiritar guztiek ondoko eskubide eta aukerak edukiko dituzte: a) Gai publikoen zuzendaritzan parte hartzea zuzenean edo askatasunez aukeratutako ordezkarien bidez,
b) Botoa eman eta hautatuak izatea ondoko ezaugarriak dituzten hauteskundeetan: aldizkakoak, kautoak, sufragio unibertsal eta berdinaren bidez nahiz hautesleen borondatearen adierazpen askea bermatzen duen boto sekretuaren bidez egindakoak.
c) Berdintasun baldintza orokorretan, bere herrialdeko funtzio publikoetara sarbidea edukitzea.
26. Artikulua
Pertsona guztiak berdinak dira legearen aurrean eta, bereizkeriarik gabe, legetik babes berdina jasotzeko eskubidea dute. Horrela, legeak era guztietako bereizkeriak debekatuko ditu eta pertsona guztiei babes berdina eta benetakoa bermatuko die edozein bereizkeriaren kontra, arraza, kolore, sexu, hizkuntza, erlijio, iritzi politiko edo beste era batekoak, nazioko zein gizarteko jatorria, maila ekonomiko, jaiotza edo beste gizarte baldintzak direla eta.
27. Artikulua
Gutxiengo etniko, erlijioso edo linguistikoak dauden Estatuetan, gutxiengo horretako pertsonei ez zaie ukatuko bere taldeko gainerako kideekin erkidean dagokien eskubidea, norberaren bizitza kulturala eduki, norberaren erlijioa aitortu zein praktikatu eta norberaren hizkuntza erabiltzeko.
IV. Zatia
28. Artikulua
1. Giza Eskubideen Komitea eratuko da (aurrerantzean Komite). Hamazortzi kideek osatuko dute Komitea eta jarraian adieraziko diren eginkizunetan jardungo du. 2. Komitea osatuko dute Itun honetako Estatu Alderdietako naziokoek. Giza eskubide alorrean trebetasun ezaguna izan eta osotasun moral handia duten pertsonak izan beharko dira kideak. Kontuan izango da esperientzia juridikoa duten pertsona batzuen parte-hartzea.
3. Komiteko kideak euren izenean hautatu eta beraien eginkizunak euren izenean egikarituko dituzte.
29. Artikulua
1. Komiteko kideak bozketa sekretuaren bidez hautatuko dira 28. artikuluko baldintzak bete eta Ituneko Estatu Alderdiek helburu horretarako proposatzen dituzten pertsonen zerrendatik. 2. Ituneko Estatu Alderdi bakoitzak gehienez bi pertsona proposa ditzake. Pertsona horiek proposatzen dituen Estatuko naziokoak izango dira.
3. Pertsona bera behin baino gehiagotan proposa daiteke.
30. Artikulua
1. Hasierako hautaketa egingo da Ituna indarren sartu eta ondorengo sei hilabetetan gehien jota.2. Komitea hautu baino lau hilabete lehenago gutxienez, 34. artikuluaren arabera adierazitako hutsa betetzeko egiten den hautaketa ez bada Nazio Batuen Idazkari Nagusiak Itun honetako Estatu Alderdiak idatziz gonbidatuko ditu Komiterako beraien hautagaiak aurkez ditzaten hiru hilabeteko epemugan.
3. Nazio Batuen Idazkari Nagusiak aurkeztu diren hautagaien zerrenda prestatuko du ordena alfabetikoz. Gainera, hautagairik izendatu duen Estatu Alderdia adieraziko du. Zerrenda Itun honen Estatu Alderdiei berri emango die hautaketa bakoitza baino hilabete lehenago beranduen jota.
4. Komiteko kideen hautaketa Itun honetako Estatu Alderdien batzarrean egingo da. Batzarrerako deia Nazio Batuen Idazkari Nagusiak egingo du, Erakundeko egoitzan. Batzarrean, Komiteko kide hautatua izateko, botorik gehien eta botoa eman eta egon diren Estatu Alderdien ordezkarien erabateko gehiengoa lortu behar dira. Batzar horretako quoruma Ituneko Estatu Alderdien bi herenek osatuko dute.
31. Artikulua
1. Komiteak ezin izango du Estatu bereko nazioko bat baino gehiago izan.2. Komitea hautatzean kontuan izango da kideen ekitatezko banaketa geografikoa. Halaber, kontuan izango dira zibilizazio modu desberdinen eta sistema juridiko nagusien ordezkaritza.
32. artikulua
1. Komiteko kideak lau urterako hautatuko dira. Horiek berrautatu daitezke hautagaiak berriro aurkezten badira. Lehenengo hautaketan aukeratutako bederatzi kideren agintealdia, ordea, bi urte buru ahituko da. Lehenengo hautapena eta berehala, 30. artikuluko 4. lerroaldean aipatutako batzarreko Lehendakariak, bederatzi kide horien izenak zozketa bidez izendatuko ditu.2. Agintealdia ahitzean egiten diren hautaketak Ituneko zati honetako aurreko artikuluen arabera egingo dira.
33. Artikulua
1. Gainerako kideek aho batez uste badute Komiteko kide batek bere eginkizunen jarduna utzi duela aldi baterako absentzia ez den arrazoiagatik, Komiteko Lehendakariak Nazio Batuen Idazkari Nagusiari egitate hori jakinaraziko dio. Nazio Batuen Idazkari Nagusiak kide horren postua hutsik dagoela adieraziko du.2. Komiteko kide baten heriotza edo uko egite kasuan, Lehendakariak berehala jakinaraziko dio Nazio Batuen Idazkari Nagusiari. Idazkari Nagusiak postua hutsik dagoela adieraziko du heriotzaren datatik edo uko egitea eragingarria den datatik.
34. Artikulua
1. 33. artikuluaren arabera postua hutsik dagoela adierazten bada, eta ordezkatua izan behar den kidearen agintealdia adierazpen hori eman eta hurrengo sei hilatetetan ahitzen ez bada, Nazio Batuen Idazkari Nagusiak hori jakinaraziko dio Itun honetako Estatu Alderdi bakoitzari eta Alderdiek hautagaiak aurkeztu ahal izango dituzte hutsik dagoen postua betetzeko bi hilabeteko epean, 29. artikuluko 2. lerroaldean ezarritakoarekin bat.2. Nazio Batuen Idazkari Nagusiak, horrela izendatutako hautagaien zerrenda prestatuko du ordena alfabetikoz eta Itun honetako Estatu Alderdiei zerrendaren berri emango die. Hutsik dagoen postua betetzeko egiten den hautaketa Ituneko atal honetako xedapen egokien bidez burutuko da.
3. Postua hutsik dagoela 33. artikuluaren arabera adierazi denean hori betetzeko hautatua izan den Komiteko kide orok kargua beteko du Komitean postua hutsik utzi zuen kidearen agintealdiatik gelditzen den denboran zehar..
35. Artikulua
Komiteko kideek Nazio Batuen fondoetatik ordainsariak jasoko dituzte Biltzar Nagusiak ezartzen duen modu eta baldintzetan, Nazio Batuen Biltzar orokorrak onetsi eta gero. Ordainsariek, kontuan izango dute Komitearen eginkizunen garrantzia.
36. Artikulua
Nazio Batuen Idazkari Nagusiak beharrezko langile eta zerbitzuak emango ditu, Komitea itun honen araberako bere eginkizunetan eragingarriro jardun dadin.
37. Artikulua
1. Nazio Batuen Idazkari Nagusiak Komitearen lehenengo batzarrerako deia egingo du Nazio Batuen egoitzan.2. Lehenengo batzarraren ostean, Komitea batzartuko da bere araudian ezartzen diren garaietan.
3. Gehienetan Komitea batzartuko da Nazio Batuen Egoitzan edo Nazio Batuen Bulegoan, Genevan.
38. Artikulua
Eginkizunetan hasi aurretik, Komiteko kideek handikiro adieraziko dute Komiteko jendaurreko bilkuran beraien zereginean inpartzialtasun eta kontzientzia osoz jardungo dutela.
39. Artikulua
1. Komiteak bere Mahaia bi urterako hautatuko du. Mahaiko kideak berrautatu daitezke.2. Komiteak bere araudia ezarriko du. Bertan, besteen artean, ondokoa xedatuko da:
a) Quoruma hamabi kidek osatuko dute;
b) Komiteko erabakiak bertan dauden kideen botoen gehiengoarekin hartuko dira.
40. Artikulua
1. Itun honetako Estatu Alderdiek konpromisoa hartzen dute txostenak aurkezteko hartu dituzten xedapenei buruz, xedapenok Itunean aintzatetsitako eskubideak eragingarri bihurtuz. Halaber, eskubide horien gozatzearen inguruan egin duten aurrerapenari buruzko txostenak aurkeztuko dituzte:a) Estatu Alderdi interesatuei dagokienez, Itun hau indarrean sartu eta urtebeteko epean;
b) Aurrerantzean, Komiteak eskatzen duen bakoitzean.
2. Txosten guztiak Nazio Batuen Idazkari Nagusiari aurkeztuko zaizkio eta Idazkari Nagusiak txostenak Komiteari igorriko dizkio, horiek aztertzeko. Itun honen aplikazioa ukitzen duten faktore eta zailtasunik egonez gero, txostenen bidez azalduko dira.
3. Komitearekin kontsultak egin ondoren Nazio Batuen Idazkari Nagusiak eskualdatu ahal izango dizkie erakunde espezializatu interesatuei txostenen zatien kopiak, baldin eta erakundeon eskumen esparruan sartzen badira.
4. Komiteak aztertuko ditu Itun honetako Estatu Alderdiek aurkezten dituzten txostenak. Komiteak bere txostenak eta egoki derizkion iruzkin orokorrak igorriko dizkie Estatu Alderdiei. Halaber, Komiteak igorri ahal izango dizkio Ekonomia eta Gizarte Kontseiluari aipatu iruzkin horiekin batera, Ituneko Estatu Alderdiengandik jaso dituen txostenen kopiak.
5. Estatu Alderdiek artikulu honen 4. lerroaldearen ariora egiten den edozein iruzkini buruzko oharrak aurkez diezazkiokete Komiteari.
41. artikulua
1. Artikulu honen arabera, Itun honetako Estatu Alderdi orok edonoiz adieraz dezake Komitearen eskumena aintzatesten duela ondoko komunikazioak jaso eta aztertzeko: Estatu Alderdi batek alegatzen duenean beste Estatu Alderdi batek Itun honek ezartzen dizkion betebeharrak betetzen ez dituela. Artikulu honen arabera egindako komunikazioak bakarrik onartu eta aztertu ahal izango dira baldin eta komunikazioak aurkezten dituen Estatuak adierazpena egin badu Komitearen eskumena aintzatetsiz bere gainean. Komiteak ez du onartuko horrelako adierazpenik egin ez duen Estatuaren komunikaziorik. Artikulu honen arabera jasotako komunikazioak, ondoko prozeduraren arabera tramitatuko dira:a) Itun honetako Estatu Alderdi batek uste badu beste Estatu Alderdi batek Itun honetako xedapenak betetzen ez dituela, Estatu horri autuaren gaineko oharra egin diezaioke idatzizko komunikazioaren bidez. Komunikazioa jaso den datatik zenbatzen hasita hiru hilabeteko epean, Estatu jasotzaileak idatziz autua argitzen duen azalpena edo beste edozein adierazpen emango dio komunikazioa bidali duen Estatuari. Azalpenak, ahalezkoa eta egokia den neurrian, ondokoak aipatuko ditu: nazioko prozedurak eta hartutako errekurtsoak, tramitean daudenak edo helburu horretarako erabil daitezkeenak.
b) Autua ebazten ez bada bi Estatu Alderdi interesatuen adostasunarekin Estatu jasotzaileak lehenengo komunikazioa jaso duen datatik zenbatzen hasita sei hilabeteko epean, bi Estatu Alderdi interesatuetariko edozeinek autua Komitearen menpe jartzeko eskubidea edukiko du, Komiteari eta beste Estatuari igorritako jakinarazpenaren bidez.
c) Barne jurisdikzioan izan daitezkeen errekurtso guztiak jarri eta agortu direla egiaztatu ondoren, Komiteak aurkezten zaion autua ezagutuko du, orokorrean onartzen diren nazioarteko zuzenbidearen printzipioekin bat etorriz. Ez da erregela hori aplikatuko baldin eta aipatu errekurtsoen tramitazioa bidegabe luzatzen bada.
d) Komiteak bilkurak egingo ditu ateak itxita, egingo du artikulu honetan ezarritako komunikazioak aztertzen dituenean.
e) Komiteak bere ahalegin onak Estatu Alderdi interesatuen esku jarriko ditu, autuaren adiskidetasunezko konponbidea lortzeko, c tartekadurako xedapenei kalterik egin gabe. Konponbide hori giza eskubideen eta Itun honetan aintzatetsitako funtsezko askatasunen errespetuan oinarrituko da.
f) Komitearen menpe jartzen den autu orotan, Komiteak eska diezaieke b tartekaduran aipatzen diren Estatu Alderdi interesatuei edozein informazio egoki eman diezaioten.
g) Hariari segiz b tartekaduran aipatzen diren Estatu Alderdi interesatueek eskubidea izango dute Komitean ordezkatuak egoteko, autua Komitean aztertzen denean. Halaber, ahoz, idatziz edo era bietan azalpenak aurkezteko eskubidea izango dute.
h) Komiteak txostena aurkeztuko du b tartekaduran aipatu jakinarazpenaren jasotze datatik hurrengo hamabi hilabeteetan, bertan:
i) Gisa horretan e tartekaduran ezarritakoaren arabera konponbidea lortu bada, egitateen eta lortutako konponbidearen azalpen laburra egingo da.
ii) Bide beretik e tartekaduran ezarritakoaren arabera konponbiderik lortu ez bada, egitateen azalpen laburra egingo da eta Estatu Alderdi interesatuek egin dituzten idatzizko azalpenak eta ahozko azalpenen aktak gehituko ditu.
Autu bakoitzean, Estatu Alderdi interesatuei txostena igorriko zaie.
2. Artikulu honetako xedapenak indarrean sartuko dira Itun honetako hamar Estatu Alderdik artikulu honen l. tartekaduran aipatutako adierazpenak egiten dituztenean. Estatu Alderdiek adierazpenok gordailatuko dituzte Nazio Batuen Idazkari Nagusiaren boterepean. Idazkari Nagusiak gainerako Estatu Alderdiei adierazpenon kopia igorriko die. Adierazpen oro edozein unetan ken daiteke Idazkari Nagusiari zuzendutako jakinarazpenaren bidez. Kentze horrek ez du eragotziko autuaren azterketa baldin eta artikulu honen arabera jadanik igorri bada autua komunikazioaren bidez. Ez da Estatu Alderdi baten komunikazio berririk onartuko, Nazio Batuen Idazkari Nagusiak adierazpena kentzeko jakinarazpena jaso ondoren, Estatu Alderdi interestuak adierazpen berria egin ezean.
42. artikulua
1. 41. artikuluarekin bat etorriz, Komiteari igorritako autua ebazten ez bada Estatu Alderdi interesatuen adostasunez, Komiteak Estatu Alderdi interesatuen aurretiazko baimenarekin, Adiskidetzerako Batzorde berezia era dezake (aurrerantzean Batzorde). Batzordearen ahalegin onak Estatu Alderdi interesatuen esku jarriko dira, autuaren adiskidetasunezko konponbidea lortzeko Itun honen errespetuan oinarrituta.b) Estatu Alderdi interesatuek onartzeko moduko bost pertsonek osatuko dute Batzordea. Hiru hilabete igaro eta gero Estatu Alderdi interesatuak ados jartzen ez badira osotasunean zein zati batez Batzordearen osaketari buruz, Komiteak hautatuko ditu Batzordeko kideak, kide horien inguruan adostasunik egon ez bada. Hautaketa Komiteko kideen artean egingo da, botazio sekretu eta bi hereneko gehiengoaren bidez.
2. Batzordeko kideek beraien eginkizunak euren izenean egikarituko dituzte. Ez dira Estatu Alderdi interesatuetako naziokoak izango, ezta Itun honetan Alderdi ez den Estatuko naziokoak ez eta 41. artikuluan ezarritako adierazpena egin ez duen Estatu Alderdi baten naziokoak ere.
3. Batzordeak bere Lehendakaria hautatuko du, eta bere araudia onetsiko du.
4. Batzordearen batzarrak gehienetan Nazio Batuen Egoitzan edo Nazio Batuen Bulegoan, Genevan, egingo dira. Dena den, beste edozein toki egokitan egin ahal izango dira, baldin eta Batzordeak hori adosten badu, Nazio Batuen Idazkari Nagusiarekin eta Estatu Alderdi interesatuekin kontsultatuta.
5. Ildo beretik, 36. artikuluan ezarritako idazkaritzak zerbitzuak emango dizkie artikulu honen ariora ezartzen diren Batzordeei ere.
6. Komiteak jaso eta aztertu duen informazioa Batzordeari igorri zaio eta Batzordeak Estatu Alderdi interesatuei eska diezaieke beste edozein informazio egoki igorri diezaioten.
7. Batzordeak Komiteko Lehendakariari txostena aurkeztuko dio Batzordeak autuaren alde guztiak aztertzen dituenean eta autuaren ezagupena duenetik hamabi hilabeteko epean gehien jota. Lehendakariak txostena Estatu Alderdi interesatuei igorriko die:
a) Batzordeak autuaren azterketa hamabi hilabeteotan burutu ezin badu, txostena mugatuko du autuaren azterketa zein egoeratan den labur azaltzera.
b) Itun honetan aintzatetsitako eskubideen errespetuan oinarritzen den adiskidetasunezko konponbidea lortzen bada, Batzordeak bere txostena mugatuko du egitate eta lortutako konponbidea labur azaltzera.
c) Hariari segiz, b tartekaduraren esanguran konponbiderik lortzen ez bada, Batzordearen txostenak ondokoak barneratuko ditu: Batzordearen ondorioak Estatu Alderdi interesatuen arteko autuaren egitate egokiei buruz ondorioztapenak eta Batzordearen oharrak autuaren adiskidetasunezko konponbidearen gainean. Aipatu txostenak, gainera, Estatu Alderdi interesatuek egindako idatzizko azalpenak eta ahozko azalpenen aipamena edukiko du.
d) Batzordearen txostena c tartekadura dela bide aurkezten bada, Estatu Alderdi interesatuek jakinaraziko diote Komiteko Lehendakariari Batzordeko txostenaren nondik norakoak onartzen dituzten ala ez. Horretarako hiru hilabeteko epea izango dute txostena jaso dutenetik.
8. Artikulu honetako xedapenek ez dituzte ukitzen 41. artikuluan ezarritako Komitearen eginkizunak.
9. Estatu Alderdi interesatuek berdintasunez elkarbanatuko dituzte Batzordeko kide guztien gastuak, Nazio Batuen Idazkari Nagusiak egiten duen kalkuluarekin bat etorriz.
10. Beharrezkoa denean, Nazio Batuen Idazkari Nagusiak Batzordeko kideen gastuak ordaindu ahal izango ditu, Estatu Alderdi interesatuek gastuok ordaindu aurretik, artikulu honetako 9. tartekadurak agindu bezala.
43. artikulua
Komiteko kideek eta 42. artikuluaren arabera izendatutako adiskidetzarako batzorde berezietako kideek eskubidea izango dute Nazio Batuen eginkizunak gauzatzen dituzten adituei emandako erraztasun, pribilegio eta ukiezintasunak edukitzeko, guztia pribilegio eta ukiezintasunei buruz Nazio Batuen Hitzarmeneko atal egokietan xedatutakoarekin bat etorriz.
44. artikulua
Itun honetako ezarpen xedapenak aplikatuko dira giza eskubideen inguruan Nazio Batuen eta erakunde espezializatuen tresna eratzaileek eta hitzarmenek ezarritako prozedurei kalterik egin gabe edo prozedura horien arabera. Gainera ez dute eragotziko Estatu Alderdiek beste prozedura batzuetara jotea desadostasuna ebazteko, baldin eta beraien artean indarrean dauden nazioarteko hitzarmen orokor edo bereziekin bat badatoz.
45. artikulua
Komiteak Nazio Batuen Biltzar Orokorrari bere jarduerei buruzko urteko txostena aurkeztuko dio, Ekonomia eta Gizarte Kontseiluaren bidez.
V. Zatia
46. artikulua
Itun honetako ezein xedapen ez da interpetratuko Nazio Batuen Gutunaren xedapenak edo erakunde espezializatuen konstituzioak gutxiesteko, baldin eta xedapenok edo konstituzioek Nazio Batuen erakunde desberdinen eta erakunde espezializatuen eratxikipenak zehazten badituzte, Itunak aipatzen dituen gaiei dagokienez.
47. Artikulua
Herri guztiek eskubidea dute bere aberastasun eta baliabide naturalak bete betean eta askatasunean lupertu eta erabiltzeko. Itun honen ezein xedapen ez da eskubide horri gutxiesteko interpretatuko.
VI. Atala
48. artikulua
1. Itun hau sinadurara irekiko da Nazio Batuen Kide den Estatu edo erakunde espezializatuetako kide ororentzat. Halaber sinatzeko irekiko da Nazioarteko Auzitegiaren Estatutuan Alderdi den Estatu ororentzat, eta Nazio Batuen Biltzar Orokorrak Itun honetan alderdi izateko gonbidatzen duen beste edozein Estaturentzat.2. Itun hau berrespenaren zain dago. Berrespenerako tresnak Nazio Batuen Idazkari Nagusiaren eskuetan gordailatuko dira.
3. Artikulu honetako 1. tartekaduran aipatu edozein Estatu Itunari atxiki ahal izango zaio.
4. Atxikipena egingo da Nazio Batuen Idazkari Nagusiaren eskuetan atxikipen tresna gordailatuz.
5. Nazio Batuen Idazkari Nagusiak Itun hau sinatu edo atxiki duten Estatu guztiei berri emango die berrespen edo atxikipen tresna bakoitzaren gordailuari buruz.
49. Artikulua
1. Itun hau indarrean sartuko da berrespen edo atxikipenerako hogeita hamabosgarren tresna Nazio Batuen Idazkari Nagusiaren eskuetan gordailatzen den datatik hiru hilabete igarotzean.2. Berrespen edo atxikipenerako hogeita hamabosgarren tresna gordailatu ondoren, Itun hau berretsi edo atxikitzen duen Estatu bakoitzarentzat Ituna indarrean sartuko da Estatu horrek bere berrespen edo atxikipen tresna gordailatu eta hiru hilabete igarotzean.
50. artikulua
Itun honetako xedapenak Estatu federala osatzen duten zati guztiei aplikatuko zaizkie, inolako muga edo salbuespenik gabe.
51. artikulua
1. Itun honetako Estatu Alderdi orok, zuzenketak proposatu eta Nazio Batuen Idazkari Nagusiaren eskuetan gordaila ditzake. Idazkari Nagusiak Itun honetako Estatu Alderdiei jakinaraziko dizkie proposaturiko zuzenketok. Aurrekoarekin batera, Idazkari Nagusiak Estatuei eskatuko die jakinarazi diezaioten Estatu Alderdien konferentziarako deia egitea nahi duten proposamenak aztertu eta botazioa egiteko. Gutxienez, Estatuen herena deialdi horren alde azaltzen bada, Idazkari Nagusiak konferentziarako deia egingo du Nazio Batuen babespean. Konferentzian dauden eta botoa ematen duten Estatu gehienek hartutako zuzenketa oro, Nazio Batuen Biltzar Orokorraren onespenean jarriko da.2. Zuzenketa horiek indarrean sartuko dira Nazio Batuen Biltzar Orokorrak onetsi eta Ituneko Estatu Alderdien bi herenek onartzen dituztenean, beraien konstituzio prozeduren arabera.
3. Zuzenketok indarren sartzen direnean, nahitaezkoak izango dira onetsi dituzten Estatu Alderdientzat. Gainerako Estatu Alderdiek, ordea, Itun honetako xedapenen eta aurretiaz onetsi duten zuzenketa ororen betebeharpean jarraituko dute.
52. artikulua
Ildo beretik, 48. artikuluaren 5. tartekaduran ezarritako jakinarazpenak gorabehera, Nazio Batuen Idazkari Nagusiak artikulu bereko 1. tartekaduran aipatu Estatuei berri emango die:a) Era horretan, 48. artikuluan xedatutakoarekin bat datozen sinadura, berrespen eta atxikipenei buruz;
b) Ituna indarrean sartzen den datari buruz, 49. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta 51. artikuluak aipatu zuzenketak indarrean sartzen diren datei buruz.
53. artikulua
1. Itun hau, Nazio Batuen artxiboetan gordailatuko da. Itunaren txinera, espainiar, frantses, ingeles eta errusiar testuak kautoak dira maila berean.2. Nazio Batuen Idazkari Nagusiak Itun honen kopia ziurtatuak igorriko dizkie 48. artikuluan aipatu Estatu guztiei.