1
Derrigorreko Desagertzeen Aurka Pertsona Guztiak Babesteko Nazioarteko
Konbentzioa
Atarikoa
Konbentzio honetako estatu alderdiek,
Kontuan harturik, Nazio Batuen Gutunak estatuei betebeharra ezarri diela, gizaeskubideen eta oinarrizko askatasunen errespetu unibertsala eta eragingarria
sustatzeko,
Aintzat hartuz, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala,
Gogoraturik, Ekonomia, Gizarte eta Kultura Eskubideen Nazioarteko Ituna, Eskubide
Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna eta giza eskubideei, zuzenbide humanitarioari eta nazioarteko zigor-zuzenbideari buruzko beste agiri garrantzitsuak,
Gogoraturik, halaber, pertsona guztiak derrigorreko desagertzeen aurka babesteari buruzko Adierazpena, Nazio Batuetako Biltzar Orokorrak onetsitakoa, 1992ko abenduaren 18ko 47/133 ebazpenean,
Jakitun izanik, derrigorreko desagertzea oso-oso larria dela, delitua den heinean eta, nazioarteko zuzenbideak definitutako zenbait inguruabarretan, gizateriaren aurkako krimena,
Erabakia harturik, derrigorreko desagertzeak prebenitzeko eta derrigorreko desagertzearen delituari dagokionez zigorgabetasunaren aurka borrokatzeko,
Gogoan harturik, pertsona orok duen eskubidea, derrigorreko desagertzerik ez pairatzeko eta biktimen eskubidea, justizia eta konponketarako,
Adieraziz, egia jakiteko eskubidea, derrigorreko desagertze bati buruzk inguruabarren gainean eta desagertutako pertsonaren egoeraren gainean, bai eta helburu horrekin informazioa bilatu, jaso eta zabaltzeari buruzko askatasunerako eskubidearen errespetua ere,
Hitzartu dute, hurrengo artikuluetan:
I. Zatia
1. artikulua
1. Inork ez du pairatuko derrigorreko desagertzerik.
2. Derrigorreko desagertzea justifikatzeko inola ere ezin izango dira alegatu salbuespenezko inguruabarrak, hala nola, gerra-egoera edo gerra-mehatxua, estatu barneko ezegonkortasun politikoa edo beste edozein larrialdi publiko.
2
2. artikulua
Konbentzio honen ondoreetarako, «derrigorreko desagertzea» da, atzipenaldia, atxiloketa, bahiketa edo askatasunez gabetzeko beste edozein mota, baldin eta halakoak gauzatzen badituzte estatuko agenteek edo estatuaren baimen, babes edo oniritziarekin jarduten duten pertsonek edo pertsona-taldeek, eta horiek aitortzen ez badute desagertutako pertsonaren askatasun-gabetzea edo ezkutatzen badute pertsona horrekin gertatu dena edo pertsona hori dagoen tokia, pertsona hori legebabesetik at utziz.
3. artikulua
Estatu alderdiek neurri egokiak hartuko dituzte, 2. artikuluak definitutako egintzak ikertzeko, halakoak gauzatzen dituztenean estatuaren baimen, babes edo oniritzirik gabe jarduten duten pertsonek edo pertsona-taldeek, eta arduradunak auzipetzeko.
4. artikulua
Estatu alderdi bakoitzak behar adina neurri hartuko du, derrigorreko desagertzea delitu gisa tipifika dadin bere zigor-legerian.
5. artikulua
Derrigorreko desagertzea modu orokor edo sistematikoan gauzatzen denean, gizateriaren aurkako krimena da, nazioarteko zuzenbide aplikagarrian definitutakoaren haritik, eta eginera horrek nazioarteko zuzenbide aplikagarrian jasotako ondoreak eratortzen ditu.
6. artikulua
1. Estatu alderdiek behar adinako neurriak hartuko dituzte, erantzule penaltzat jotzeko gutxienez:
a) Derrigorreko desagertzea gauzatu, agindu edo induzitzen duen pertsona oro, derrigorreko desagertzea gauzatzen ahalegintzen den pertsona oro, derrigorreko desagertzearen konplizea den pertsona oro eta desagertze horretan parte hatzen duen pertsona oro;
b) Goragoko agintaria:
i) Agintari horrek baldin badaki bere agintaritza eta kontrol eragingarriaren
mendekoak derrigorreko desagertzeari buruzko delitua egiten ari zirela edo mendeko
horiek horretarako asmoa zutela, edo, hala nahita, ez badio jaramonik egin horren
berri argiro eman zion informazioari;
ii) Agintari horrek bere ardura eta kontrol eragingarriak egikaritu baditu derrigorreko
desagertzeari buruzko delituarekin zerikusia izan zuten jarduerak zein izan eta
jarduera horien gainean; eta
3
iii) Agintari horrek ez baditu hartu bere esku dauden neurriak, behar bestekoak eta
zentzuzkoak, derrigorreko desagertze bat gauzatzea prebenitu nahiz zigortzeko, edo
agintari eskudunei egitateen berri emateko, horiek egitateok ikertu eta epai ditzaten;
c) Aurreko b) idatz-zatiak ez die kalterik egingo nazioarteko zuzenbideko arauei,
halakoak hertsiagoak direnean, militar-buru bati edo militar-buru gisa
eragingarritasunez jarduten duenari galdatzeko moduko erantzukizunen esparruan.
2. Derrigorreko desagertzeari buruzko delitua justifikatzeko ezin dira alegatu agintari
publikoen agindu edo jarraibideak, agintari horiek zibilak, militarrak edo beste mota
batekoak izan daitezkeela.
7. artikulua
1. Estatu alderdiek derrigorreko desagertzeari buruzko delitua zigor egokiekin
zigortzeko modukotzat joko dute, delitu hori oso-oso larria dela kontuan harturik.
2. Estatu alderdiek ezarri ahal izango dituzte:
a) Inguruabar aringarriak, bereziki, derrigorreko desagertze bat gauzatzeari
dagokionez partaide izan direnei begira, halakoek modu eragingarrian lagundu
dutenean pertsona desagertuak bizirik aurkitzen, edo ahalbidetu dutenean
derrigorreko desagertzeari buruzko kasuak argitzea nahiz derrigorreko desagertze
baten arduradunak identifikatzea;
b) Bestelako prozedura penal batzuk gorabehera, inguruabar astungarriak, bereziki,
pertsona desagertua hiltzen denean, edo derrigorreko desagertzearen errudun
direnentzat, derrigorreko desagertze hori denean haurdun dauden emakumeei,
adingabeei, desgai diren pertsonei edo beste pertsona ahul batzuei dagokienez.
8. artikulua
5. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe,
1. Derrigorreko desagertzeari preskripzio-araubidea aplikatzen dioten estatu
alderdiek beharrezko neurriak hartuko dituzte, akzio penalaren preskripzio-epea:
a) Luzea eta delituaren izaera oso-oso larriarekin proportzionala izan dadin;
b) Derrigorreko desagertzea bertan behera uzten denetik zenbatzen has dadin, delitu
horren jarraikako izaera kontuan hartuta.
2. Estatu alderdiak derrigorreko desagertzearen biktimei errekurtso eragingarrirako
eskubidea bermatuko die preskripzio-epeak iraun bitartean.
9. artikulua
1. Estatu alderdi bakoitzak behar dena xedatuko du, bere jurisdikzioa ezartzeko
derrigorreko desagertzeari buruzko delituaren gainean, hurrengo kasuetan:
4
a) Delituak egiten direnean bere jurisdikziopeko edozein lurraldetan edo estatu
horretan matrikulatutako aireontzi edo ontzi batean;
b) Ustezko delitugilea estatu horretako nazionala denean;
c) Desagertutako pertsona estatu horretako nazionala denean eta estatu horrek
egokitzat jotzen duenean.
2. Estatu alderdi bakoitzak, orobat, beharrezko neurriak hartuko ditu, bere
jurisdikzioa berrezartzeko derrigorreko desagertzeari buruzko delituen gainean,
ustezko delitugilea bere jurisdikziopeko edozein lurraldetan dagoenean, salbu eta
estatu horrek ustezko delitugilea beste estatu batera estraditatzen duenean edo
beste estatu baten esku uzten duenean, nazioarteko betebeharrekin bat etorriz, edo
nazioarteko zigor-jurisdikzio batera bidaltzen duenean, horren eskumena
aitortzeagatik.
3. Konbentzio honek ez du bazter uzten lege nazionalekin bat etorriz gauzatutako
zigor-jurisdikzioetarik bat bera ere.
10. artikulua
1. Ustez derrigorreko desagertzearen delitua egin duen pertsona estatu alderdi
bateko lurraldean badago, estatu alderdi horrek, eskuartean duen informazioa
aztertu ondoren, ulertzen badu inguruabarrek hala justifikatzen dutela, pertsona hori
atxilotuko du edo legezko bestelako lege-neurri batzuk hartuko ditu, pertsona horren
presentzia ziurtatzeko. Atxiloketa eta gainerako neurriak gauzatuko dira estatu
horretako legeekin bat etorriz, eta halakoei eutsiko zaie pertsona horren presentzia,
prozedura penalean, berau beste estatu baten esku uzteko prozeduran edo
estradizio-prozeduran, ziurtatzeko behar den epealdian bakarrik.
2. Artikulu honetako 1. paragrafoko neurriak hartu dituen estatu alderdiak berehala
ekingo dio egitateen aurre-ikerketari edo azterketari. Artikulu honen 1. paragrafoa
aplikatzearen ondorioz zein neurri hartu eta neurri horien berri emango die 9.
artikuluko 1. paragrafoak aipatu estatu alderdiei, bereziki, atxiloketaren eta hori
justifikatzen duten inguruabarren berri, eta aurre-ikerketaren edo azterketaren
emaitzen berri, bere jurisdikzioa ezartzeko asmoa duenean hori ere zehaztuko diela.
3. Artikulu honetako 1. paragrafoarekin bat etorriz atxilotutako pertsona berehala
komunikatu ahal izango da bere naziotasunaren araberako estatuko ordezkarien
artean gertuen dagoenarekin edo, apatrida bada, ohikotasunez zein estatutan izan
bizilekua eta estatu horretako ordezkariarekin.
11. artikulua
1. Ustez derrigorreko desagertzearen delitua egin duen pertsona zein estatu
alderdiren jurisdikzioko lurraldetan aurkitu eta estatu alderdi horrek ez badu pertsona
hori estraditatzen, edo beste estatu baten esku uzten, nazioarte-mailan dituen
betebeharrekin bat etorriz, edo nazioarteko zigor-auzitegi baten esku uzten, horren
jurisdikzioa aitortzeagatik, kasua bere agintari eskudunen mende utziko du, akzio
penala egikari dadin.
5
2. Agintari horiek euren erabakia hartuko dute, edozein delitu astuni aplikatu ohi
zaizkion baldintza berberetan, estatu horretako legeriarekin bat etorriz. 9. artikuluko 2
paragrafoan jasotako kasuetan, epaitzeko edo erruztatzeko behar diren frogen maila
ez da izango 9. artikuluko 1. paragrafoko kasuetan aplikatzen den maila baino
hertsitasun gutxiagokoa.
3. Derrigorreko desagertzearen delitua dela bide ikertutako pertsona orok bidezko
tratua jasotzeko bermeak izango ditu prozedurako fase guztietan. Derrigorreko
desagertzearen delituagatik epaitu behar den pertsona orok berme judizialak izango
ditu, legeak ezarritako justizia-gorte edo -auzitegi eskudun, independente eta
inpartzialean.
12. artikulua
1. Estatu alderdi bakoitzak zainduko du, bateren batek derrigorreko desagertzea
nozitu duela alegatzen duen pertsona orok eskubidea izatea, egitateak salatzeko
agintari eskudunen aurrean; agintari horiek arin eta inpartzialtasunez aztertuko dute
salaketa, eta, hala denean, atzerapenik gabe ekingo diote ikerketa zehatz eta
inpartziala gauzatzeari. Hala denean, neurri egokiak hartuko dira, ziurtatzeko
salatzailearen, lekukoen, desagertutako pertsonaren senideen eta pertsona horren
defendatzaileen babesa, bai eta ikerketan parte hartzen dutenen babesa ere, tratu
txarren edo larderiaren aurka, halakoak direnean aurkeztutako salaketaren edo
egindako edozein adierazpenen ondorio.
2. Zentzuzko arrazoiak daudenean, pertsona batek derrigorreko desagertzea pairatu
duela uste izateko, 1. paragrafoan aipatutako agintariek ikerketa hasiko dute, inolako
salaketa formalik aurkeztu ez bada ere.
3. Estatu alderdiek zainduko dute artikulu honetako 1. paragrafoko agintariek:
a) Ikerketa eragingarritasunez gauzatzeko ahalmenak eta baliabideak izatea, baita
ikerketa horretarako egoki diren agiriak eta gainerako informazioa lortzeko ere;
b) Sarrera izatea, aldez aurretik agintari judizialak hori baimenduta, hala behar
denean, eta baimen hori ahalik azkarren emanik, edozein atxilotze-tokitan eta
desagertutako pertsona egon daitekeen beste edozein tokitan, horretarako
zentzuzko arrazoiak daudenean.
4. Estatu alderdi bakoitzak beharrezko neurriak hartuko ditu, ikerketen garapena
oztopatzen dituzten egintzak prebenitu eta zehatzeko. Bereziki, bermatu beharko
dute, ustez derrigorreko desagertzearen delitua egin duten pertsonek eraginik ez
izatea aribideko ikerketetan, presioak eta larderia- nahiz errepresalia-egintzak
gauzatuz, salatzaile, lekuko, desagertutako pertsonaren senide eta pertsona horren
defendatzaileen aurka, bai eta ikerketan parte hartzen dutenen aurka ere.
13. artikulua
1. Estatu alderdien arteko estradizio-ondoreetarako, derrigorreko desagertzearen
delitua ez da izango delitu politikoa, delitu politikoari lotutako delitua, ezta arrazoi
6
politikoetan oinarritutako delitua ere. Ondorenez, horrelako delitu-mota batean
oinarritutako estradizio-eskabidea ezin izango da ukatu arrazoi horregatik bakarrik.
2. Derrigorreko desagertzearen delitua zuzenbide osoz bilduko da estradizioa
eratortzen duten delituen artean, konbentzio hau indarrean jarri aurretik estatu
alderdien artean egindako estradizio-tratatu guztietan.
3. Estatu alderdiek konpromisoa hartzen dute, derrigorreko desagertzearen delitua
biltzeko estradizioa erator dezaketen delituen artean, euren artean gerogarrenean
egin ditzaketen estradizio-tratatu guztietan.
4. Estatu alderdi batentzat nahitaezkoa bada tratatu bat izatea estradizioa gauzatu
ahal izateko, estatu horrek beste estatu alderdi batetik jasotzen duenean estradizioeskabide
bat, horrekin halako trataturik izan gabe, orduan lehenengo estatu horrek
konbentzio hau baliatu ahal izango du, behar adinako oinarri juridiko gisa, estradizioa
gauzatzeko, derrigorreko desagertzearen delituari dagokionez.
5. Estradizioa gauzatu ahal izateko baldintza gisa tratatu bat izatea ezartzen ez
duten estatu alderdiek derrigorreko desagertzearen delitua aitortuko dute, euren
artean estradizioa gauzatzea ahalbidetzen duen delitu moduan.
6. Edozein kasutan, estradizioa egongo da eskabidea zein estatu alderdik jaso eta
estatu alderdi horren zuzenbideak edo estradizio-tratatu aplikagarriak ezarri
baldintzen mende, baldintza horien artean direla, bereziki, estradizioa gauzatzeko
galdatzen den gutxieneko zigorra eta eskabidea zein estatu alderdik jaso eta estatu
horren arrazoiak, estradizioa ukatzeko edo estradizio horri baldintza jakin batzuk
ezartzeko.
7. Konbentzio honetako xedapenak ezin dira interpretatu eskabidea jaso duen estatu
alderdia estradizioa aitortzera behartzeko, baldin eta estatu horrek pisuzko arrazoiak
baditu uste izateko eskabidea aurkeztu dela pertsona bat auzipetu edo zehatzeko
asmoarekin, sexua, arraza, erlijioa, naziotasuna, etnia-jatorria, iritzi politikoak edo
gizarte-talde jakin baten kide izatea dela bide, edo eskabide hori onartzean, pertsona
horri kalteren bat eragingo zaiola, arrazoi horietarik edozeinengatik.
14. artikulua
1. Estatu alderdiek ahalik laguntza handiena eskainiko diote elkarri, derrigorreko
desagertzearen delituari buruzko prozedura penalei dagokienez, laguntza horretara
biltzen dela prozesurako beharrezkoak diren froga guztiak ematea ere, halakoak
euren eskuetan badaude.
2. Laguntza judiziala egongo da eskabidea zein estatu alderdik jaso eta estatu
alderdi horren barne zuzenbideak edo lankidetza judizialeko tratatu aplikagarriek
ezarri baldintzen mende, baldintza horien artean direla, bereziki, eskabidea jaso
duen estatu alderdiaren arrazoiak estradizioa ukatzeko edo estradizio horri baldintza
jakin batzuk ezartzeko.
15. artikulua
7
Estatu alderdiak euren artean lankidetzan arituko dira, eta ahalik laguntza gehiena
emango diote elkarri, derrigorreko desagertzeen biktimei laguntzeko, bai eta
desagertutako pertsonak bilatu, lokalizatu eta askatzeko ere, eta, horien heriotza
gertatzen denean, gorpuak lurretik atera, identifikatu eta itzultzeko.
16. artikulua
1. Estatu alderdietarik inork ez du pertsona bat beste estatu batera kanporatu, itzuli
edo estraditatuko, oinarritutako arrazoien arabera uste denean pertsona horrek
derrigorreko desagertzea jasateko arriskua izan dezakeela.
2. Arrazoi horiek ote dauden zehazteko, agintari eskudunek kontuan hartuko dituzte
egoki diren inguruabar guztiak, baita, bidezkoa denean, kasuan kasuko estatuan
egoera iraunkorra izatea, giza eskubideak modu sistematikoan, larrian, ageriagerikoan
edo ugarian urratzearen inguruan edo nazioarteko zuzenbide
humanitarioa modu larrian urratzearen inguruan.
17. artikulua
1. Inor ez da atxilotuko sekretupean.
2. Estatu alderdiek askatasunaz gabetzeari dagokionez nazioartean dituzten beste
betebehar batzuei kalterik egin gabe, estatu alderdi bakoitzak, bere legerian:
a) Askatasunaz gabetzeko aginduak eman ahal izateko baldintzak ezarriko ditu;
b) Askatasun-gabetzeak agintzeko ahalmenak dituzten agintariak zehaztuko ditu;
c) Bermatuko du askatasunaz gabetutako pertsona oro izatea askatasunaz
gabetzeko modu ofizialean aitortu eta kontrolatutako tokietan bakarrik;
d) Bermatuko du askatasunaz gabetutako pertsona orok baimena izatea,
familiarekin, abokatu batekin edo berak aukeratutako beste edozein pertsonarekin
komunikatzeko, eta horien bisita izateko, horretarako baldintza bakarrak legeak
ezarritakoak izan daitezkeela, eta atzerritar baten kasuan, bere kontsuletxeko
agintariekin komunikatzeko, nazioarteko zuzenbide aplikagarriarekin bat etorriz;
e) Bermatuko du agintari eta erakunde guztiak, halakoak eskudunak eta legeak
ahalbidetutakoak direnean, askatasunaz gabetzeko tokietan sartzea, aldez aurretik
agintaritza judizialaren baimena lortuta, hala behar izanez gero;
f) Edozein inguruabarretan, auzitegi batean errekurtsoa jartzeko eskubidea
bermatuko die, askatasunaz gabetutako pertsona guztiei, eta, derrigorreko
desagertzea dagoela uste denean, askatasunaz gabetutako pertsona eskubide hori
egikaritzeko ezinduta egoteagatik, interes legitimoa duten pertsona guztiei,
esaterako, askatasunaz gabetutako pertsonaren senideei, horren ordezkariari edo
abokatuari, auzitegi horrek atzerapenik gabe erabaki dezan askatasunaz
gabetzearen legezkotasunari buruz, eta pertsona hori aske uztea agin dezan,
askatasun-gabetze hori legearen aurkakoa izango balitz.
8
3. Estatu alderdi bakoitzak ziurtatuko du, askatasunaz gabetutako pertsonei
dagokienez, erregistro ofizial edota eguneratutako espediente bat edo batzuk ezarri
eta iraunaraztea; halakoak, agindeiaren bidez, berehala jarriko dira agintari judizialen
edo bestelako agintari edo erakunde eskudunen esku, bat etorriz legeria
nazionalarekin edo nazioartean garrantzitsuak diren agiri juridikoetarik edozeinekin,
estatua horietan alderdi denean. Informazio horretara bilduko dira gutxienez:
a) Askatasunaz gabetutako pertsonaren nortasuna;
b) Pertsona askatasunaz gabetutako eguna, ordua eta tokia, eta pertsona hori
askatasunaz gabetu zuen agintaria;
c) Askatasun-gabetzea erabaki zuen agintaria eta askatasun-gabetze horren
arrazoiak;
d) Askatasun-gabetzea kontrolatzen duen agintaria;
e) Askatasunaz gabetuta egoteko tokia, toki horretan onartua izateko eguna eta
ordua, eta toki horretako agintari arduraduna;
f) Askatasunaz gabetutako pertsona pribatuaren osotasun fisikoaren osagaiak;
g) Askatasun-gabetzeak iraun bitartean heriotza gertatuz gero, heriotzaren
inguruabarrak eta arrazoiak, eta gorpuaren destinoa;
h) Pertsona askatzeko eguna eta ordua edo atxilotze-tokiz aldatzearenak, destinoa
eta tokiz aldatzeaz arduratutako agintaria.
18. artikulua
1. 19 eta 20. artikuluei kalterik egin gabe, estatu alderdi bakoitzak informazio horri
begira interes legitimoa duten pertsona guztiei, esaterako, askatasunaz gabetutako
pertsonaren senideei, horren ordezkariari edo abokatuari, bermatuko die, gutxienez,
hurrengoen berri izatea:
a) Askatasun-gabetzea erabaki zuen agintaria;
b) Pertsona askatasunaz gabetu zeneko eta hori askatasunaz gabetzeko tokian
onartua izan zeneko data, ordua eta tokia;
c) Askatasun-gabetzea kontrolatzen duen agintaria;
d) Askatasunaz gabetutako pertsona dagoen tokia eta, pertsona hori askatasunaz
gabetzeko beste toki batera aldatuz gero, destinoa eta aldaketaren agintari
arduraduna;
e) Pertsona aske uzteko data, ordua eta tokia;
f) Askatasunaz gabetutako pertsona pribatuaren osasun-egoerari buruzko osagaiak;
9
g) Askatasun-gabetzeak iraun bitartean heriotza gertatuz gero, heriotzaren
inguruabarrak eta arrazoiak, eta gorpuaren destinoa.
2. Hala denean, neurri egokiak hartuko dira, bermatzeko artikulu honetako 1.
paragrafoak aipatu pertsonen babesa, bai eta ikerketan parte hartzen duten
pertsonena ere, tratu txar, larderia edo zehapen guztien aurka, halakoak eratortzen
direnean askatasunaz gabetutako pertsona bati buruzko informazioa bilatzen
aritzeagatik.
19. artikulua
1. Desagertutako pertsona bat bilatzeko ahaleginetan bildu edota bidalitako
informazio pertsonalak, barnean direla mediku- edo genetika-datuak ere, ezin dira
erabili edo ezagutarazi bilaketa horretarako helburuetatik kanpo. Hori gorabehera,
informazio horiek erabili ahal izango dira derrigorreko desagertzearen delituari
buruzko prozedura penaletan, edo konponketa lortzeko eskubidea egikaritzean.
2. Informazio pertsonala bildu, tratatu, erabili eta gordetzen denean, baita medikuedo
genetika-datuak ere, horrek ezin ditu, berez edo horren ondorioz giza
eskubideak, oinarrizko askatasunak eta pertsonaren duintasuna urratu.
20. artikulua
1. Pertsona bat legearen babesaren mende egon eta askatasun-gabetzea kontrol
judizialaren mende dagoenean bakarrik murriztu ahal izango da 18. artikuluan
jasotako informazioen berri izateko eskubidea, salbuespen-tituluarekin, legeak
jasotako murrizketen ondorioz guztiz beharrezkoa bada, eta informazio hori
hedatzearen ondorioz pertsonaren intimitateari nahiz segurtasunari edo ikerketa
kriminal baten aribideari kalte egiten bazaio, edo legeak jasotako arrazoi
baliokideengatik, eta nazioarteko zuzenbide aplikagarriarekin eta konbentzio
honetako helburuekin bat etorriz. Inola ere ez dira onartuko 18. artikuluan jasotako
informazioen berri izateko eskubidearen murrizketak, halakoek 2. artikuluan
definitutako jokabideak edo 17. artikuluko 1. paragrafoko urratzeak erator
ditzaketenean.
2. Askatasun-gabetzearen legezkotasuna aztertzeari kalterik egin gabe, estatu
alderdiak 18. artikuluko 1. paragrafoak aipatu pertsonei bermatuko die errekurtso
judizial azkar eta eragingarrirako eskubidea, xedapen honetan jasotako informazioak
atzerapenik gabe jaso ditzaten. Errekurtsorako eskubide hori ezin da eten edo
murriztu inolako inguruabarrengatik.
21. artikulua
Estatu alderdi bakoitzak beharrezko neurriak hartuko ditu, pertsona bat aske utzi
behar denean, askatze hori gauza dadin pertsona hori benetan aske utzi dela
egiaztatzen duten modalitateekin bat etorriz. Estatu alderdiek, orobat, beharrezko
neurriak hartuko dituzte, pertsonei bermatzeko, aske uzteko unean, osotasun fisikoa
eta euren eskubideen erabateko egikaritza, kalterik egin gabe pertsona horiek legeria
nazionalaren ondorioz izan ditzaketen betebeharrei.
10
22. artikulua
6. artikuluan ezarritakoari kalterik egin gabe, estatu alderdi bakoitzak beharrezko
neurriak hartuko ditu, hurrengo eginerak prebenitu eta zehatzeko:
a) 17. artikuluko 2. paragrafoaren f) idatz-zatiko eta 20. artikuluko 2. paragrafoko
errekurtsoak atzeratzea edo oztopatzea;
b) Askatasun-gabetze oro erregistratzeko betebeharra ez gauzatzea, bai eta
informazioa erregistratzea ere, informazio horren zehaztugabetasuna ezagutzen
duenean edo ezagutu beharko lukeenean erregistro ofizialaren edo espediente
ofizialen arduradun den agenteak;
c) Askatasun-gabetze bati buruzko informazioa ukatzea edo informazio
zehaztugabea ematea, informazio hori emateari dagokionez legeak ezarritako
baldintzak betetzen direnean.
23. artikulua
1. Estatu alderdi bakoitzak zainduko du legea aplikatzeko ardura duten langile militar
nahiz zibilen, medikuen, funtzionarioen eta askatasunaz gabetutako pertsonaren
zaintzan edo tratamenduan parte har dezaketen beste pertsona batzuen
prestakuntzak bere baitara biltzea konbentzio honetako kasuan kasuko xedapenei
buruzko behar adina irakaskuntza eta informazio, hurrengo helbuetarako:
a) Agente horien partaidetza prebenitzea derrigorreko desagertzeetan;
b) Derrigorreko desagertzeen alorrean prebentzioak eta ikerketek duten garrantzia
nabarmentzea;
c) Derrigorreko desagertzeen kasuetan ebazpena presakoa dela aitor dadin
zaintzea.
2. Estatu alderdi bakoitzak debekatuko ditu derrigorreko desagertzeak agintzen,
baimentzen edo bultzatzen dituzten agindu edo jarraibideak. Estatu alderdi bakoitzak
bermatuko du halako izaerako agindua betetzeari ezezkoa ematen dion pertsona ez
zehatzea.
3. Estatu alderdi bakoitzak beharrezko neurriak hartuko ditu, artikulu honetako 1.
paragrafoko pertsonek informatu ditzaten euren nagusiak eta, beharrezkoa denean,
kontrolerako edo berrikuspenerako agintari edo organo eskudunak, arrazoiak
dituztenean uste izateko derrigorreko desagertze bat gertatu dela edo laster batean
gertatuko dela.
24. artikulua
1. Konbentzio honen ondoreetarako, «biktima» izango da desagertutako pertsona
eta derrigorreko desagertze baten ondorioz zuzeneko kaltea jasan duen pertsona
fisiko oro.
11
2. Biktima bakoitzak egia jakiteko eskubidea du, derrigorreko desagertzearen
inguruabarrei, ikerketaren bilakaera eta emaitzei eta desagertutako pertsonaren
egoerari dagokienez. Estatu alderdi bakoitzak horren inguruko neurri egokiak hartuko
ditu.
3. Estatu alderdi bakoitzak egoki diren neurri guztiak hartuko ditu, desagertutako
pertsonak bilatu, lokalizatu eta askatzeko eta, horien heriotza gertatzen denean,
gorpuak bilatu, errespetatu eta itzultzeko.
4. Estatu alderdiek zainduko dute euren lege-sistemak derrigorreko desagertze baten
biktimari bermatzea konponketarako eta kalte-ordain azkar, bidezko eta egokirako
eskubidea.
5. Artikulu honetako 4. paragrafoko konponketarako eskubideak bere baitara biltzen
ditu kalte material eta moral guztiak eta, hala denean, bestelako konponketamodalitate
batzuk, hala nola:
a) Itzulketa;
b) Berregokitzea;
c) Ordainketa; duintasuna eta izen ona berrezartzea barne;
d) Berreskaera-eskubidea ez egikaritzeko bermeak.
6. Desagertutako pertsonaren egoera argitu arte ikerketarekin jarraitzeko
betebeharrari kalterik egin gabe, estatu alderdi bakoitzak xedapen egokiak hartuko
ditu, desagertutako pertsonen lege-egoerari dagokionez, pertsona horien egoera ez
denean argitu, eta horien senideei dagokienez, besteak beste, gizarte-babesaren,
gai ekonomikoen, familia-zuzenbidearen eta jabetza-eskubideen esparruetan.
7. Estatu alderdi bakoitzak eskubidea bermatuko du, derrigorreko desagertzeen
inguruabarrak eta desagertutako pertsonen egoera argitzea, bai eta derrigorreko
desagertzeen biktimei laguntzea ere, xedetzat duten erakundeak eta elkarteak
askatasunez sortu eta horietan parte hartzeko.
25. artikulua
1. Estatu alderdiek neurri egokiak hartuko dituzte, hurrengoak prebenitu eta
zigorrarekin zehatzeko:
a) Derrigorreko desagertzea pairatzen ari diren haurrez jabetzea, edo haurrez
jabetzea, horien gurasoak nahiz lege-ordezkariak derrigorreko desagertzea pairatzen
ari direnean, edo haurrez jabetzea, halakoak jaiotzen direnean derrigorreko
desagertzea pairatzen ari den ama gatibu dagoela;
b) Aurreko a) idatz-zatiko haurren benetako nortasuna egiaztatzen dituzten agiriak
faltsutzea, ezkutatzea edo suntsitzea.
12
2. Estatu alderdiek beharrezko neurriak hartuko dituzte, artikulu honetako 1.
paragrafoko a) idatz-zatiko haurrak bilatu eta identifikatzeko, eta jatorrizko familietara
itzultzeko, legezko prozedurekin eta nazioarteko akordio aplikagarriekin bat etorriz.
3. Estatu alderdiek elkarri laguntza eskainiko diote, artikulu honetako 1. paragrafoko
a) idatz-zatiko haurrak bilatu, identifikatu eta lokalizatzeari dagokionez.
4. Kontuan hartuta, artikulu honetako 1. paragrafoko a) idatz-zatiko haurren interes
gorena zaintzeko beharrizana, eta haur horiek duten eskubidea, euren nortasunari
eutsi eta nortasun hori berreskuratzeko, horretara biltzen direla naziotasuna, izena
eta legeak aitortutako familia-harremanak, adopzio-sistema edo beste mota bateko
kolokazioa edo zaintza aitortzen duten estatu alderdietan lege-prozedurak izan
beharko dira, berrikusteko haur horien adopzio-prozedura edo kolokazio- nahiz
zaintza-prozedura, eta, bidezkoa bada, deuseztatzeko derrigorreko desagertzeak
eratorritako edozein adopzio edo kolokazio nahiz zaintza.
5. Edozein inguruabarretan eta, bereziki, artikulu honek jorratutako guztiari
dagokionez, haurren interes gorena da lehendabiziko ardura, eta zentzutasungaitasuna
duten haurrek eskubidea izango dute euren iritzia askatasunez emateko,
behar bezala balioetsiko dena, haurren adinaren eta heldutasunaren arabera.
II. zatia
26. artikulua
1. Konbentzio honetako xedapenak aplikatzeko Derrigorreko Desagertzearen
aurkako Komitea eratuko da («Komitea» deituko dena aurrerantzean); Komitea
osatuko dute hamar adituk, moral aldetik zintzotasun handikoak, giza eskubideen
arloan trebetasun nabarikoak, independenteak, euren eginkizunak modu
pertsonalean gauzatuko dituztenak eta erabateko inpartzialtasunez jardungo
dutenak. Estatu alderdiek hautatuko dituzte Komiteko kideak, kontuan hartuz
geografiaren araberako banaketa orekatsua. Kontuan hartuko da Komitearen
lanetarako interesgarria dela eskarmentu juridiko egokia duten pertsonen partaidetza
eta generoen araberako ordezkaritza.
2. Hautatzea isilpeko botazioan egingo da, estatu alderdiek euren nazionalen artean
izendatutako hautagai-zerrendaren arabera, estatu alderdiek bi urterik behin egingo
dituzten bileretan; ondore horretarako bileren deialdiak Nazio Batuetako idazkari
nagusiak egingo ditu. Bilera horretarako estatu alderdien bi herenak osatuko du
quoruma, eta hautatutzat joko dira boto gehien lortzeaz gain, bilerako estatu partehartzaile
eta boto-emaileen ordezkarien artetik botoen erabateko gehiengoa lortzen
duten hautagaiak.
3. Hasierako hautatzea egingo da, gehienez ere, konbentzio hau zein datatan
indarrean jarri eta data horretatik sei hilabete igaro ondoren. Hauteskunde bakoitza
zein datatan egin eta data hori baino lau hilabete lehenago, Nazio Batuetako idazkari
nagusiak gutun bat bidaliko die estatu alderdiei, euren hautagai-zerrendak hiru
hilabeteko epean aurkezteko gonbita eginez. Idazkari nagusiak zerrenda prestatuko
du, hurrenkera alfabetikoaren arabera, modu horretara izendatutako hautagai
13
guztiekin, hautagai bakoitzari dagokionez zehaztuz berau aurkeztu duen estatu
alderdia. Zerrenda hori estatu alderdi guztiei komunikatuko zaie.
4. Komiteko kideak lau urterako hautatuko dira. Beste behin bakarrik hautatu ahal
izango dira. Hala ere, lehenengo hautaketan hautatutako bost kideren agintaldia bi
urte igaro ondoren amaituko da; lehenengo hautaketa egin eta berehala, bilerako
lehendakariak, artikulu honetako 2. paragrafoan aipatutakoak, zozketa bidez
izendatuko ditu bost kide horiek.
5. Komiteko kideren bat hiltzen bada edo kide horrek karguari uko egiten badio, edo
beste edozein arrazoirengatik ezin baditu aurrerantzean Komiteko eginkizunak
gauzatu, hautagai gisa berau aurkeztu zuen estatu alderdiak beste hautagai bat
proposatuko du bere nazionalen artean, artikulu honetako 1. paragrafoko irizpideak
kontuan hartuta, agintaldia bukatu arte bere eginkizunak gauza ditzan, estatu
alderdien gehiengoak hala onartzekotan. Izendapen hori onartutzat joko da, salbu
eta estatu alderdien erdiak edo gehiagok ezezkoa emanez erantzuten duenean, sei
asteko epean, Nazio Batuetako idazkari nagusiak proposatu den hautagaia
komunikatzen dienetik zenbatzen hasita.
6. Komiteak bere barne araudia ezarriko du.
7. Komitearen eginkizunak eragingarriak izan daitezen, Nazio Batuetako idazkari
nagusiak behar adina langile eta baliabide material ezarriko ditu. Nazio Batuetako
idazkari nagusiak deituko du Komitearen lehenengo bilera.
8. Komiteko kideek eskubidea izango dute, Nazio Batuentzako egitekoak gauzatzen
dituzten adituei zein erraztasun, onurabide eta ukiezintasun aitortu eta halakoak
eskuratzeko; erraztasun, onurabide eta ukiezintasun horiek izango dira Nazio
Batuetako Onurabideen eta Ukiezintasunen Konbentzioko kasuan kasuko ataletan
ezarritakoak.
9. Estatu alderdiek konpromisoa hartzen dute Komitearekin lankidetzan aritzeko eta
Komiteko kideei laguntza emateko euren agintaldian zehar, estatu alderdiek
Komiteari begira onartutako eginkizunen esparruan.
27. artikulua
Estatu alderdien Konferentzia bilduko da, Konbentzio hau indarrean jarri ondoren, lau
urte igaro eta gero eta sei urte igaro baino lehenago, Komitearen jardunbidea
ebaluatu eta erabakitzeko, 44. artikuluko 2. paragrafoan jasotako modalitateen
arabera, komenigarria ote den beste erakunde baten esku uztea –beste aukeraren
bat bazter utzi gabe–, 28.etik 36.era arteko artikuluetan jasotako eginkizunekin,
konbentzio honen aplikazioa gainbegiratzeko ardura.
28. artikulua
1. Konbentzioak emandako eskumenen esparruan, Komitea lankidetzan arituko da
Nazio Batuetako organo, bulego, erakunde espezializatu eta funts egoki guztiekin,
nazioarteko tresnen ondorioz eratutako komite konbentzionalekin, Nazio Batuetako
prozedura bereziekin, erregio-mailako gobernuen arteko antolakunde edo erakunde
14
egokiekin, bai eta egoki diren erakunde, antolakunde eta bulego nazional guztiekin
ere, halakoek lan egiten dutenean pertsona guztiak derrigorreko desagertzeetatik
babesteko.
2. Komiteak, bere eginkizunen esparruan, kontsultatuko ditu beste komite
konbentzional batzuk, giza eskubideei buruzko kasuan kasuko tresnek sortutakoak,
bereziki, Giza Eskubideen Komitea, Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunak
ezarritakoa, helburu izanik bere oharren eta gomendioen koherentzia ziurtatzea.
29. artikulua
1. Estatu alderdi bakoitzak Komiteari txostena aurkeztuko dio, Nazio Batuetako
idazkari nagusiaren bidez, konbentzio honen ondorioz hartutako betebeharrak zein
izan eta betebehar horiek gauzatzeko hartu diren neurrien inguruan, kasuan kasuko
estatu alderdian konbentzioa indarrean jarri eta bi urteko epean.
2. Nazio Batuetako idazkari nagusiak estatu alderdi guztien esku jarriko ditu txosten
horiek.
3. Txosten bakoitza Komiteak aztertuko du; Komiteak egokitzat jotzen dituen iruzkin,
ohar edo gomendioak egin ahal izango ditu. Estatu alderdi interesdunari iruzkin, ohar
edo gomendio horien berri emango zaio; estatu alderdi interesdunak horiei erantzun
ahal izango die, bere ekimenez edo Komiteak hala eskatuta.
4. Komiteak, halaber, estatu alderdiei informazio osagarriak eskatu ahal izango
dizkie, konbentzio honen aplikazioari buruz.
30. artikulua
1. Komiteak, presako izaerarekin aztertu ahal izango du, desagertutako pertsona
baten senideek, lege-ordezkariek, abokatuek edo horiek baimendutako pertsonek,
bai eta interes legitimoa duen edonork ere, aurkeztutako eskabide oro,
desagertutako pertsona bilatu eta lokaliza dadin.
2. Komiteak uste badu presako izaerarekin jarduteko eskaria, artikulu honetako 1.
paragrafoaren ondorioz aurkeztutakoa:
a) Ez dela modu nabarmenean oinarririk gabea;
b) Halako eskariak aurkezteko eskubideaz abusatzea ez dela;
c) Aldez aurretik eta behar den moduan aurkeztu bazaie estatu alderdi interesduneko
organo eskudunei, esaterako, ikerketak egiteko ardura duten agintariei, aukera hori
dagoenean;
d) Ez bada konbentzio honetako xedapenekin bateraezina; eta
e) Ez dagoela aztergai nazioarteko beste prozedura baten mende, prozedura hori
denean izaera bereko azterketa eta konponketari buruzkoa;
15
estatu alderdi interesdunari eskatuko dio, Komiteak berak ezarritako epean ematea
pertsona horri buruzko informazioa.
3. Artikulu honen 2. paragrafoarekin bat etorriz estatu alderdiak emandako
informazioa dela eta, Komiteak gomendioak egin ahal izango dizkio estatu alderdiari
eta eskaria ere egin ahal izango dio, beharrezko neurri guztiak har ditzan, kautelaneurriak
barne, pertsona lokalizatu eta babesteko konbentzio honekin bat etorriz, eta
eskatu ahal izango dio Komiteari informazioa ematea, horrek ezarritako epean,
hartzen dituen neurrien gainean, egoeraren presako izaera kontuan hartuz. Komiteak
presako ekintzarako eskaria aurkeztu zuen pertsonari informazioa emango dio, bere
gomendioen gainean eta estatu alderdiak helarazitako informazioen gainean,
halakoak eskuragarri daudenean.
4. Komiteak esfortzuak egingo ditu estatu alderdiarekin elkarlanean jarraitzeko,
desagertutako pertsonaren egoera argitzen ez den bitartean. Komiteak informatuta
edukiko du eskariaren egilea.
31. artikulua
1. Estatu alderdi orok adierazi ahal izango du, berrespen-unean edo gerogarrenean,
Komitearen eskumena aitortzen duela, bere jurisdikzioko pertsonek bidalitako
komunikazioak, edo pertsona horien izenean bidalitakoak, jaso eta aztertzeko,
pertsona horiek alegatzen dutenean biktimak direla, estatu alderdi batek konbentzio
honetako xedapenak urratzeagatik. Komiteak ez du inolako komunikaziorik onartuko,
komunikazio hori denean adierazpen hori egin ez duen estatu alderdi bati buruzkoa.
2. Komiteak edozein komunikazio onartezina dela adieraziko du, baldin eta:
a) Anonimoa bada;
b) Halako komunikazioak aurkezteko eskubideaz abusatzen badu edo bateraezina
bada konbentzio honetako xedapenekin.
c) Arazo bera aztergai badago nazioarteko beste prozedura baten mende, prozedura
hori denean izaera bereko azterketa eta konponketari buruzkoa; edo
d) Barneko errekurtso eragingarriak eskuragarri izan eta halakoak ez badira agortu.
Erregela hori ez da aplikatuko, baldin eta errekurtso-prozedurek zentzuzko epeak
gainditzen badituzte.
3. Komiteak uste badu komunikazioak artikulu honetako 2. paragrafoan ezarritako
baldintzak betetzen dituela, estatu alderdi interesdunari bidaliko dio hori, eta estatu
alderdi horri eskatuko dio bere oharrak eta iruzkinak bidaltzea, Komiteak berak
ezarritako epean.
4. Komunikazio bat jaso eta gero, edozein unetan, eta horren oinarrien inguruko
konklusiora heldu aurretik, Komiteak eskabidea egin ahal izango dio estatu alderdi
interesdunari, horrek lehenbailehen azter dezan, eta, behin-behineko izaerarekin,
beharrezko neurriak har ditzan, ustezko eskubide-urratzearen biktimari edo biktimei
16
sor dakizkiekeen kalte konponezinak saihesteko. Komiteak ahalmen hori egikaritzeak
ez du sortuko inolako iritzirik komunikazioaren onarpenaren edo edukiaren gainean.
5. Komiteak bere bilkurak ateak itxita egingo ditu, artikulu honetako komunikazioak
aztertzen dituenean; Komiteak komunikazioaren egilea informatuko du, kasuan
kasuko estatu alderdiak emandako erantzunen gainean. Komiteak prozedura
amaitzea erabakitzen duenean, bere irizpena komunikatuko die estatu alderdiari eta
komunikazioaren egileari.
32. artikulua
Konbentzio honetako estatu alderdi orok edozein unetan adierazi ahal izango du
Komitearen eskumena onartzen duela, estatu alderdi baten komunikazioak jaso eta
aztertzeko, estatu horrek komunikazio horien bidez alegatzen duenean beste estatu
alderdi batek konbentzioak ezarritako betebeharrak ez dituela betetzen. Komiteak ez
du inolako komunikaziorik onartuko, komunikazio hori denean adierazpen hori egin
ez duen estatu alderdi bati buruzkoa edo adierazpen hori egin ez duen estatu alderdi
batek aurkeztutakoa.
33. artikulua
1. Komiteak informazio sinesgarria jasotzen badu, informazio horrek ondorioztatzen
duela estatu alderdi batek konbentzio honetako xedapenak modu larrian urratu
izana, orduan Komiteak, estatu hori kontsultatu ondoren, bere kide bati edo batzuei
eskatu ahal izango die estatu alderdi hori bisitatzea eta horren inguruan atzerapenik
gabe informatzea.
2. Komiteak idatziz jakinaraziko dio estatu alderdi interesdunari bisita bat egiteko
asmoa, ordezkaritzaren osaera eta bisitaren xedea zehaztuz. Estatu alderdiak bere
iritzia emango du zentzuzko epean.
3. Estatu alderdiaren eskabide ziodunaren aurrean, Komiteak erabaki ahal izango du
bisita atzeratzea edo ezereztea.
4. Estatu alderdia ados badago bisitarekin, Komitea eta kasuan kasuko estatu
alderdia lankidetzan arituko dira bisita horren modalitateak zehazteko, eta estatu
alderdiak bisita hori gauzatzeko beharrezkoak diren erraztasun guztiak emango ditu.
5. Komiteak kasuan kasuko estatu alderdiari komunikatuko dizkio bisitaren
ondoriozko oharrak eta gomendioak.
34. artikulua
Komiteak informazioa jaso eta uste badu informazio horrek ondorioztatzen dituela
ondo oinarritutako zantzuak, derrigorreko desagertzea modu orokorrean edo
sistematikoan gauzatzearen inguruan, estatu alderdi baten jurisdikzioaren mendeko
lurraldean, eta estatu alderdi interesdunari egoera horren inguruko informazio egoki
guztia eskatu ondoren, arazoa presako izaerarekin utzi ahal izango du Nazio
Batuetako Biltzar Orokorraren esku, Nazio Batuetako idazkari nagusiaren bidez.
17
35. artikulua
1. Komitearen eskumenak bere baitara biltzen ditu konbentzio hau indarrean jarri
ondoren hasitako derrigorreko desagertzeak bakarrik.
2. Estatu bat konbentzio honen alderdi egiten bada konbentzioa indarrean jarri eta
gero, estatu alderdi horrek Komiteari dagokionez dituen betebeharrek bere baitara
bilduko dituzte estatu horri begira konbentzioa indarrean jarri ondoren hasitako
derrigorreko desagertzeak bakarrik.
36. artikulua
1. Komiteak urtero aurkeztuko die txostena estatu alderdiei eta Nazio Batuetako
Biltzar Orokorrari, konbentzio honen ondorioz gauzatzen dituen jardueren inguruan.
2. Urteko txostenean estatu alderdi baten inguruan argitaratutako oharra aldez
aurretik iragarri behar zaio estatu alderdi horri; estatu horrek zentzuzko epea izango
du erantzuteko, eta eskatu ahal izango du bere iruzkinak eta oharrak txostenean
argitaratzea.
III. zatia
37. artikulua
Konbentzio honetan xedatutakoak ez ditu ukituko pertsona guztiak derrigorreko
desagertzeen aurka babesteko aproposago diren xedapenak, halakoak
hurrengoetara bilduta egon daitezkeela:
a) Estatu alderdi baten zuzenbidera; edo
b) Nazioarteko zuzenbidera, estatu horri begira indarrean dagoen heinean.
38. artikulua
1. Konbentzio hau Nazio Batuetako estatu kide guztiek sinatu ahal izango dute.
2. Konbentzio hau Nazio Batuetako estatu kide guztiek berretsi ahal izango dute.
Berreste-agiriak Nazio Batuetako idazkari nagusiaren esku utziko dira hark gordailutu
ditzan.
3. Konbentzio honi Nazio Batuetako estatu kide guztiak atxiki ahal izango zaizkio.
Atxikipena gauzatuko da atxikipen-agiria Nazio Batuetako idazkari nagusiaren esku
utzita, gordailutu dezan.
39. artikulua
1. Konbentzio hau indarrean jarriko da, berreste- edo atxikipen-agirietatik
hogeigarrena zein datatan gordailutu, Nazio Batuetako idazkari nagusiaren esku
utzita, eta hogeita hamargarren egunean.
18
2. Berreste- edo atxikipen-agirietatik hogeigarrena gordailutu ondoren konbentzioa
berresten duen edo horri atxikitzen zaion estatu bakoitzarentzat konbentzioa
indarrean jarriko da, kasuan kasuko estatu horrek zein datatan gordailutu bere
berreste- edo atxikipen-agiria eta hogeita hamargarren egunean.
40. artikulua
Nazio Batuetako idazkari nagusiak Nazio Batuetako estatu kide guztiei eta
konbentzio hau sinatu duten edo konbentzio horri atxiki zaizkion estatu guztiei
komunikatuko dizkie:
a) 38. artikuluaren arabera jaso dituen sinadurak, berrespenak eta atxikipenak;
b) 39. artikuluaren arabera konbentzio hau indarrean jartzeko data.
41. artikulua
Konbentzio honetako xedapenak aplikatuko zaizkie estatu federaletako zati guztiei,
mugarik eta salbuespenik gabe.
42. artikulua
1. Konbentzioaren interpretazioari edo aplikazioari dagokionez, estatu alderdi bi edo
gehiagoren artean sortzen den eztabaida oro tartekaritzaren mende utziko da,
ukitutako estatuetako batek hala eskatuta, betiere, eztabaida negoziazioaren edo
konbentzio honetan esanbidez jasotako prozeduren bidez konpondu ez bada.
Tartekaritza-eskabidea aurkeztu eta sei hilabeteko epean alderdiak ez badira ados
jartzen tartekaritza antolatzeari buruz, alderdietarik edonork utzi ahal izango du
eztabaida Nazioarteko Justizia Gortearen esku, Gortearen estatutuarekin bat
datorren eskabidea aurkeztuta.
2. Estatu alderdi bakoitzak, konbentzio hau sinatu nahiz berresteko unean edo horri
atxikitzeko unean, adierazi ahal izango du artikulu honetako 1. paragrafoak ez duela
berau behartzen. Paragrafo horrek gainerako estatu alderdiak ez ditu behartuko
erreserba hori egin duten estatu alderdiei begira.
3. Artikulu honetako 2. paragrafoko adierazpena egin duen estatu alderdi bakoitzak
edozein unetan kendu ahal izango du hori, Nazio Batuetako idazkari nagusiari hala
jakinarazita.
43. artikulua
Konbentzio honek ez die kalterik egingo dela nazioarteko zuzenbide humanitarioko
xedapenei, horietara biltzen direla Ginebrako 1949ko abuztuaren 12ko lau
hitzarmenetako eta horien 1977ko ekainaren 8ko protokolo gehigarrietako alderdi
kontratugile gorenek euren gain hartutako betebeharrak, dela estatu alderdi
bakoitzak duen aukerari, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komiteari baimentzeko
atxilotze-tokiak bisitatzea, nazioarteko zuzenbide humanitarioak jaso gabeko
kasuetan.
19
44. artikulua
1. Konbentzio honetako estatu alderdi bakoitzak zuzenketak proposatu edo halakoak
gordailutu ahal izango ditu, Nazio Batuetako idazkari nagusiaren esku utzita.
Proposatutako zuzenketak Nazio Batuetako idazkari nagusiak komunikatuko dizkie
estatu alderdiei; aldi berean, eskatuko die jakinarazi diezaiotela estatu alderdien
Konferentziarako deialdia egitea nahi duten, proposamenak aztertu eta horien
inguruko botazioa egiteko. Komunikazioa hori zein datatan egin eta data horren
ondorengo lau hilabeteetan estatu alderdietarik, gutxienez, herenak deialdi horren
alde egiten badu, idazkari nagusiak konferentzia antolatuko du, Nazio Batuen
babespean.
2. Konferentzian izan eta boto-emaile diren estatu alderdien bi hereneko
gehiengoarekin zein zuzenketa onetsi eta idazkari nagusiak zuzenketa hori estatu
alderdi guztien mende utziko du onarpenerako.
3. Artikulu honetako 1. paragrafoarekin bat etorriz onartutako zuzenketa indarrean
jarriko da, konbentzio honetako estatu alderdien bi hereneko gehiengoarekin
onartzen denean, estatu horietako kasuan kasuko konstituzio-prozedurekin bat
etorriz.
4. Zuzenketa horiek, indarrean jartzen direnean, nahitaezkoak izango dira halakoak
onartu dituzten estatu alderdientzako; gainerako estatu alderdiek, ordea, konbentzio
honetako xedapenak eta aldez aurretik eurek onartutako zuzenketak betetzen
jarraituko dute.
45. artikulua
1. Konbentzio hau, Nazio Batuetako idazkari nagusiaren esku utziko da, hark
gordailutu dezan; berebat, konbentzioaren testuak kautoak izango dira, arabiarrez,
txinatarrez, espainolez, frantsesez, ingelesez eta errusieraz.
2. Nazio Batuetako idazkari nagusiak konbentzio honen kopia ziurtatuak bidaliko
dizkie 38. artikuluan aipatutako estatu guztiei.